2023ko herri turistiko onenaren saria eman diote Oñatiri

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko urr. 19a, 16:29

Nazio Batuen Turismoaren Mundu Erakundeak, Best Tourism Village 2023 saria eman dio Oñatiri.

Turismoaren Mundu Erakundeak (TME) 2023ko herri turistiko onenaren saria eman dio Oñatiri Uzbekistanen egin den ekitaldian. Ekimen honetara mundu guztiko 72 estatutako 260 herrik baino gehiagok aurkeztu dute hautagaitza, eta soilik 54 herrik egin dute aurrera, tartean Oñatik. Hirugarren edizioa izan da aurtengoa, eta urtero egin bezala bederatzi alorretan ebaluatu dituzte aurkeztutako hautagaitzak: jasangarritasun ekonomikoa, jasangarritasun soziala, ingurunearekiko jasangarritasuna, baliabide kulturalen sustapena eta kontserbazioa, baliabide kulturalak eta naturalak, turismoaren lehenespena eta gobernantza, azpiegitura eta konektibitatea, osasuna eta segurtasuna, eta garapen turistikoa eta balio-katearen integrazioa.

Hain zuzen, "Best Tourism Villages by UNWTO" ekimenak Oñati errekonozitu du, ondasun kultural eta naturalak dituen landa-turismoaren adibide nabarmena delako, landa guneetan dauden balioak, produktuak eta bizi-estiloak zaindu eta sustatzen dituelako, eta berrikuntzarekin eta iraunkortasunarekin konpromiso argia duelako.

Oñatirekin batera sartu dira herri turistiko onenen zerrendan Siguenzako (Guadalajara) eta Cantaviejako (Teruel) herriak; hauek ere sarituak izan dira ekitaldian. Ekimen hau 2021. urtean jarri zuten abian, eta aurten hirugarren edizioa izan du. Une honetan, Euskal Herriko bi herri daude Turismoaren Mundu Erakundearen herri onenen zerrendan, aipatutako Oñati eta lehen edizioan zerrendan sartu zen Lekunberri.

Oñatiko Udala "pozik"

Horrelako sariak ez dira egunero jasotzen eta Oñatiko Udaletik "pozik" hartu dute albistea. "Sari guztiak bezala, egindako lan guztiaren aitortza bat da, beraz, ongi etorria eta pozgarria da jaso berri duguna", adierazi du Izaro Elorza Oñatiko alkateak. Hain zuzen saria turismo jasangarritasunari lotutakoa da, hori dela eta, beraz, berria are pozgarriagoa dela aitortu du Izaro Elorzak: "Udaletik iraunkortasun eta jasangarritasunaren aldeko apustua dugu eginda, eta sari honek hori ere errekonozitzen du".

Oñatin urte guztian zehar izaten dira turistak herria bisitatzen eta herriak eskaintzen dituen aukera ezberdinekin gozatzen. Orain, saria jasota, aurrean erronka garrantzitsua du Udalak. "Hemendik aurrera, herritarren eta turisten arteko elkarbizitza aurkitzen saiatuko gara, hor jarriko dugu arreta", adierazi du Elorzak. Gaineratu du, elkarbizitza horrek baldintzatzen duela "turismoaren iraunkortasuna", eta lanean jarraituko dutela ekintza ezberdinak aurrera eramanez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak