ALBISTEAK

Oñatiko jaietako egitaraua aurkeztuta, eguna heltzea falta da bakarrik

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko ira. 14a, 16:46

Bertso saioa, konpartsa txikiaren aurkezpena, bolo eta margo lehiaketak, Huntza taldearen kontzertua eta nazioarteko artzain txakur txapelketa egongo dira datorren asteburuan, jaiak hasteko. Irailaren 28tik urriaren 2ra arte ez dira ohiko hitzorduak eta musika emanaldiak faltako.

Astebete eskas barru hasiko dira oñatiarrak herriko jai nagusiak ospatzen. Aurten, egutegiari kasu eginez, segidan ospatuko dira sanmigelak eta errosaixuak, baina ospakizunak astebete lehenago hasiko dira, hilaren 22an, bertso saioarekin.

Eragileekin batera

Eta irailaren 22tik urriaren 2ra bitarteko ekintzak jasotzen ditu datozen egunetan etxez etxe banatuko duten egitarauak. Musika eskaintza zabala, haurrendako eta gazteendako jolasak, herri mailako zein lehiaketa mailako kirol partiduak eta txapelketak, bazkari herrikoietarako gonbidapenak eta gehiago jasotzen ditu, besteak beste. "Udalak urtean zehar antolatzen dituen ekitaldi guztietan, izan musika, antzerkia, hitzaldiak, ikastaroa, kirol erakustaldi… Denetan Udalaren hautua genero-berdintasuna betetzea eta bermatzea da, gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna lortu asmoz", adierazi du kulturako batzordeburuak, Iñaki Olalde Altzelaik, datozen jai hauetan ere horrela izan dela gaineratuz. Hain zuzen ere, jaiak ospatuko diren egunetan eraso sexisten arretarako, aholkularitzarako eta informaziorako gunea egongo da, baita telefono zenbaki bat ere beharra dagoenean erabiltzeko: 688 60 20 89. 

Egitaraua osatzeko herri eragileen aldetik izandako laguntza eskertu du, bereziki, Olaldek. "Egitarauan ikaragarria da herriko eragileek hartzen duten pisua, 60 ekintzatatik gora eskaintzen ditu egitarauak, eta aipatu behar da ia %50a herri eragileek antolatutako ekintzak direla, eta beste erdia udaleko kultura departamentuak". Eskerrak eman dizkie, era berean, astez aste orain arte, asteburu hau barne, jaiak antolatu dituzten auzoetako jai batzordeei, herrigunekoei zein landa eremuko auzoei.

ETS eta Sorotan Bele

Musika eskaintza zabala da benetan aurtengo jai nagusietarako; plazan, txosna gunean eta Atzeko Kalen egongo dira oholtzak. Talde batzuk aipatzearren, esaterako, Huntza taldeak joko du hilaren 23an txosna gunean. San Migel egunean, hilak 29, En Tol Sarmiento taldeak joko du plazan eta Errosaixo Bixamon egunean Puro Relajok, toki berean. Fito&Fitipaldis tributu talde bat eta Tapia eta Leturia Band ere zuzenean entzun ahal izango dira. Errosaixo domekarako, berriz, musika hitzordu berezia antolatu dute: Sototan Bele taldearekin batera joko du Oñatiko musika bandak. 

Herri Egunak eta Errosaixo Bixamon egunak ohiko egitaraua dute. Sokamuturra, danborradak, txistularien goiz-eresiak eta txantxikuaren jaitsiera ere egongo dira.

Txartelak eta izen emateak

Jaien bezpera honetan, dagoeneko zabalik dago San Migel egunean egingo den berakatz zopa lehiaketarako izen ematea zabalik dago, 26ra arte, kultura etxean. Herri Egunean egingo den bazkarirako txartelak, bestalde, laster jarriko dituzte salgai Arrano, Eltzia, Izarraitz eta Batzokia tabernetan, haurrendako eta helduendako menuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak