Mila lagun espero dituzte zapatuko mendi martxan

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko ira. 14a, 12:48

Parte-hartzaileek ibilbidean erabiltzeko edalontzia jasoko dute irteera puntuan, eta baita eskumuturreko bat ere, antolatzaileendako identifikagarria izango dena. Argazki lehiaketa bat ere antolatu dute. Ulmak babestuko du aurtengo irteera.

Aurten ere bi ibilaldi egongo dira –22 kilometro ditu motzak eta 32 kilometro luzeak– eta biak abiatuko dira herriko plazatik –07:00etan luzea eta 08:00etan motza–. Ordurako hainbat informazio mahai egongo dira jarrita plazan, alfabetikoki sailkatuta, eta parte-hartzaile bakoitzak bere mahai batera edo bestera joan beharko du, abizenaren arabera. Hantxe jarriko diote eskumuturrekoa. Horrekin batera edalontzi bat ere emango diote, ibilbidean zehar erabiltzeko. Proba amaitzean jasoko dute kamiseta bana parte-hartzaileek, luntxean, edalontzia itzultzean. Argazki lehiaketa ere antolatu dute. "Ibilaldian zehar ateratako argazkiak sare sozialen bitartez partekatzen dutenen artean, Arantzazuko bordan gau bateko egonaldia zozketatuko dugu", azaldu du antolatzaile taldean diharduen Iosu Lizarraldek. Aurten ere, bestalde, parte hartuko duen pertsona bakoitzagatik euro bateko ekarpena egingo diote Hotz Oñati gobernuz kanpoko elkar- teari. Kiroldegiko dutxak ere erabilgarri egongo dira.

Ingurumena eta kirola

Oñatiko mendi martxak izandako bilakaerak baliabideak biderkatzea eskatu die antolatzaileei eta aurten Ulma Taldea izango dute babesle. "Ingurumena zaindu eta kirola bultzatzea badira gure helburuetako bi. Ekimen honek biak batzen ditu eta ez genuen zalantza handirik izan proposamena onartzeko", adierazi du Ulma Taldeko presidente Ibon Calvok.

Bestalde, deialdi berezia egin dute herritarrak oinez joan daitezen plazaraino. Besteendako lur azpiko aparkalekuak, osasun etxekoa eta Mondragon Unibertsitatekoa egongo dira erabilgarri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak