Erakundeetako ordezkaritza zabalarekin ospatu dute Gipuzkoako zaindariaren eguna

Arantzazu Ezkibel Galdos 2023ko ira. 9a, 15:57

Iñigo Urkullu lehendakaria, Eider Mendoza Diputatu nagusia, Izaro Elorza Oñatiko alkatea eta erakundeetako beste hainbat ordezkari izan dira gaur Arantzazun, Ama Birjinaren eguna ospatzen.

Arantzazuko Ama Birjinaren eguna, Gipuzkoako zaindariaren eguna, da gaur; eguna ospatzeko, erakundeetako ordezkaritza zabala elkartu da Arantzazun. Eider Mendoza Diputatu nagusiak, Oñatiko alkate Izaro Elorzak, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiko buru Xabier Ezeizabarrenak egin diote harrera Iñigo Urkullu lehendakariari. Elkarrekin egin dute Arantzazuko santutegi aurrealdera arteko bidea; han, gainontzeko zinegotziak, diputatuak eta sailburuak zeuden euren zain. Oñatz dantza taldeko dantzariek aurreskua dantzatu dute eta gero elizara sartu dira erakundeetako ordezkarietako batzuk.

Xabier Ezeizabarrena, Eider Mendoza, Bakartxo Tejeria, Izaro Elorza, Iñigo Urkullu eta haren emazte Lucia Arieta-Araunabeña.

Erromesaldia

Arantzazurako erromesaldia 07:00etan irten da San Migel parrokiatik; gutxi izan dira lehenengo zati hori erromesaldian egin dutenak. Bigarren hitzordua zapatan izan dute; han, 100 bat lagun batu dira erromesaldira. Horiez gain, gaurkoan eguraldiak lagundu duenez, asko izan dira oinez Arantzazura igo diren herritarrak.

Bikarioaren hitzak

Arantzazuko Amaren eguneko meza nagusia Mikel Aranguren bikarioak zuzendu du. "Gizatasuna" izan du hizpide, eta elkarri laguntzearen beharra nabarmendu du. Gainera, gogoan izan du bart Marokon izandako lurrikararen ondorioz kaltetuak.

Musika Bandaren kontzertua

Oñatiko Musika Bandak kontzertua egin du Santutegiaren aurrealdean. Arantzazuko Ama Birjinaren ereserkiarekin hasi dute kontzertua. Gaur, zapatua izanda, ohi baino herritar gehiago joan dira Arantzazura. Oñatitik bakarrik ez, Gipuzkoako osotik etorritako erromesak izan dira gaur Arantzazun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak