Badator San Migel pilota txapelketa. Aurtengoa 40. izango da eta bi kategoriatan jokatuko da; gazte mailako txapelketa alde batetik eta 23 urtez azpikoena bestetik. Gipuzkoako, Nafarroako, Bizkaiko eta Errioxako pilotariak arituko dira nor baino nor.
Bi izango dira debagoiendarrak; 2021eko irabazle Iñigo Erle oñatiarra eta Ander Etxaniz bergararra. Erle Beñat Zubizarreta ataundarrarekin arituko da eta Etxaniz Ekain Lizeaga astigartarrarekin. Hain zuzen ere, Lizeaga da iazko txapeldunetako bat.
Zubikoan iraileko martitzenetan eta eguenetan
Zubikoan jokatuko dira norgehiagoka guztiak eta zuzeneko kanporaketak izango dira. Final-laurdenak irailaren 5ean, 7an, 12an eta 14an jokatuko dira. Finalerdiak irailaren 19an eta 21ean eta finala, berriz, urriaren 1ean, Errosarixo Eguna aurten.
Txapelketa irekia aurten
Iñigo Erle pilotari oñatiarrak badaki San Migel txapelketa irabaztea zer den eta aurtengo txapelketa inoiz baino parekatuago datorrela iritzi dio. Hori bai, ez du txapela lortzeko aukera baztertzen.
Antolatzaileak, berriz, galtzak bete lan dabiltza; partidak lotu, txapelketarako pilotak aukeratu, sariak eta sari banaketak prestatu…
Kirol ikuskizuna ziurtatuta dago eta txapela nork jantziko duen ikusteko. 40. San Migel pilota txapelketako babesle nagusia Oñatiko Soraluze jatetxea eta hotela izango da aurten ere.