EAJ alderdiak aurkeztu zuen mozioa eta testuan jasotzen da epaia kezkagarria eta larria dela, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, eta helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza politikak guztiz mugatzen dituelako. Epai horrek euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen dituela ere salatzen du testuak.
Edukiarekin “guztiz ados” daudelako, mozioarekin bat egin zuten Udal Gobernuko, EH Bilduko, zinegotziek. Izaro Elorza alkateak gogora ekarri zuen, gainera, Kontseiluak deituta Bilboko Auzitegi Nagusiaren aurrean egindako agerraldian eta parte hartu zuela Oñati ordezkatzen, baita UEMAk deituta Usurbilen egin zenekoan ere. Gaia osoko bilkurara ekartzeko moduan inguruan, baina, alkateak adierazi zien jeltzaleei beraien ustez egokiagoa izango zatekeela adierazpen bateratu gisa aurkeztu izan balitz.
Mendekotasuna duen pertsonaren laguntzailearendako onura garraioetan
Presazko gaien barruan, menpekotasuna duen pertsona batek garraio publikoa hartzen duenean, Gipuzkoako garraio agintaritzaren barruan dauden herrietan, laguntzailearendako bidaia doakoa izatea ahalbideratuko duen prozesuari hasiera eman zitzaion. Gipuzkoako garraio agintaritza barruan dago Oñati eta duela hilabete inguru han onartutakoa berretsi zuen atzo Oñatiko udalbatzak.
Biainek Gerrikagoitiaren lekua
Bestalde, Jon Kepa Gerrikagoitia zinegotzi jeltzaleak karguari uko egin dio eta Angel Mari Biain Zubiagirrek beteko du bere lekua. Berez, Miren Elgarrestari zegokion hutsik geratutako zinegotzi kargua hartzea baina Elgarrestak ere uko egin dio kargua hartzeari eta, beraz, hautagaien zerrendan zortzigarrena zen Angel Mari Biainek beteko du lekua.