Badator Kantoikriten zortzigarren edizioa

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko uzt. 14a, 10:14

Bihar gauean jokatuko da lasterketa, 22:00etan hasita, eta lehenengo aldiz emakumezkoen zein gizonezkoen sailkapena izango du. ibilbidean aldaketa txiki bat egongo da, obra batzuen ondorioz; teknikoki eragina izango du aldaketa horrek

Xarma berezia duen lasterketa da Kantoikrit, herrian errotuta dagoena, eta horren adibide da zapatu honetan (22:00) zortzigarren edizioa izango duela. Urtero bezala, ikusmina ere handia izango da herritarren artean; are gehiago, azken irabazlea etxekoa baita. Mikel Olaldek irabazi zuen iazko lasterketa, eta badirudi horrek oñatiarrengan parte hartzeko grina piztu duela. "Geroz eta herritar gehiagok esan digute bizikleta bat lortuz gero parte hartuko luketela. Aurten ere bost edo sei izango ditugu irteeran, eta herriko jendea bertan egoteak beste pizgarri bat ematen dio lasterketari", adierazi du Iñigo Idigorasek, Kantoikriteko antolakuntzako kideak. Astearen hasieran 30 bat lagun zeuden baieztatuta irteera puntuan egoteko, baina antolakuntzatik itxaropena dute sare sozialen bidez 40 parte-hartzailetara iristeko; hori horrela balitz, "gustura" egongo liratekeela aitortu du Idigorasek.

Berrikuntza nabarmen bat

Aurtengo berrikuntza nagusia bi sailkapen egongo direla izango da: alde batetik, emakumezkoena; eta, bestetik, gizonezkoena. Badira urte batzuk emakumezkoak kriterium horretara erakartzeko ahaleginean dabiltzala antolakuntzatik, eta aurten apustua sendotzea erabaki dute, sailkapen propioa eginda. "Aurten, emakumezkoek parte hartzeko ahalegin horretan, beste interes puntu bat aurkitzen saiatu gara eurentzat, eta horregatik erabaki dugu bi sailkapen egitea", adierazi du antolakuntzako kideak. Era berean, sariak ere berberak izango dira bi podiumak osatzen dituztenentzat.

Ibilbidean aldaketa

Iazko lasterketan ohiko ibilbidera itzuli zen lasterketa, baina Emakumearen Etxea egiten ari dira eta lan horiek eragina izango dute ibilbidean. Txirrindulariak San Anton kaletik joango dira eta, zuzenean San Anton plazan aurrera jarraitu beharrean, eskuinera biratu beharko dute, eta Kale Zaharrean behera egin; ondoren, Ikatz taberna parean berriz ezkerrera egin eta ohiko bidera itzuliko dira.

Aldaketa txikia den arren, teknikoki arreta berezia jartzea eskatzen duena izango da, Iñigo Idigoras antolakuntzako kidearen ustetan: "Harbide batetik etorriko dira, non frenatzea ez den erraza, eta hor 90 graduko bira bat sartuko dugu, eta ondoren beste bi. Gainera, harbidean sartu eta irten ibiliko dira, eta, eguraldiak ere laguntzen ez badu, puntu oso zail bihurtuko da txirrindularientzat".

Boluntarioak, beharrezkoak

Zortzigarren aldia da lasterketa antolatzen dutena, eta, egunerokotasunean sei pertsona aritzen diren arren, egunean bertan 40 pertsona inguru behar izaten dituzte lasterketa aurrera eramateko. Zailtasunak zailtasun, momentuz, aurrera jarraitzen du Kantoikritek. "Urte batzuetan erraz aurkitu ditugu laguntzaileak, baina azken urtean kosta egin zitzaigun boluntarioak batzea, eta aurten ere, iritsiko garen arren, estu arituko gara", dio Idigorasek.

'Streaming' bidez zuzenean

Herritar ugari izango dira kalera aterako direnak lasterketa ikustera, baina etxetik ere zuzenean jarraitu ahalko da Kantoikrit, streaming bidez Aurten, gainera, nobedade txiki bat sartzeko ahalegina egiten ari dira: tirolina estiloko kamera bat jarri nahi dute San Anton kalea gurutzatzen; saiatu egingo dira, bai, baina ez dute ezer baieztatzen. "Oraindik ez dugu lortu jartzea, baina uste dut lortuz gero irudi ikusgarriak lortzeko aukera izango genukeela", dio Idigorasek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak