Eguerdian puntuan hasita, ordu erdi pasa iraun du udalbatza eratzeko osoko bilkurak. Protokoloa jarraituz, adinekoen mahaia osatuta hasi da: Idoia Aierbe Lizarraldek eta Ekhiñe Mendi Altubek osatu dute adinekoen mahaia. Zinegotzien kredentzialak konprobatuta, zin egin diete karguei Oñatiko udalbatza osatzen duten 17 zinegotziek. “Legeak hala behartuta” formula erabilita egin diote zin bakoitzak bere zinegotzi karguari. Eta udalbatza berria eratuta, txalo zaparrada egin dute osoko bilkuren aretoa bete duten herritarrek, senideek eta alderdikideek.
Alkatea aukeratzeko unea heldu denean, EH Bilduren alkategaia bakarrik, Izaro Elorza, aurkeztu da kargurako. Amaia Erostarbe alkategai jeltzaleak ez du bere burua aurkeztu postu horretarako. Berak azaldu duenez, EH Bilduk gehiengo absolutua izanda ez zuelako zentzu handirik. Botoa ematerakoan, boto zuria eman dute jeltzaleek.
Hortaz, EH Bilduko 11 zinegotzien aldeko botoekin izendatu dute Izaro Elorza datozen lau urteetarako alkate. Idoia Aierbek eman dio zumitzezko txibita. Eta berriz entzun dira txaloak osoko bilkuren aretoan.
Amaia Erostarbek zein Izaro Elorzak, biek hartu dute hitza datorren agintaldiko udalbatza berria eratzeko gaur egin den osoko bilkuran. Eskerrak ematen hasi dute biek hitz-hartzea, eskerrak babesa eman dieten herritarrei eta eskerrak etxekoei. Eurenganako errespetua ere eskatu du Amaia Erostarbe jeltzaleak, baita alderdikieendako eta familienganako ere eta lana egiteko modua elkarlana dela esan du.
Eguna eta protokoloa ondo ezagutu arren, aurten ere hunkitu dela onartu du Elorzak, duela lau urte bezala eta eskerrak emateko eguna dela adierazi. Horrela, udal langileak eta joan diren eta etorri diren zinegotziei ere eskerrak eman dizkie, eta ondo hartu ditu Erostarbek aipatutako elkarlanerako hitzak.
Osoko bilkuren aretoko ekitaldia bukatzean, alkate doinuaren soinuarekin jaitsi dituzte udaletxeko eskailerak udalbatza berriko kideek. Zain zituzten plazan dantzariak, txistularia, senideak eta lagunak.
Hurrengo pausua udal batzordeak zehaztea eta bakoitzean arituko diren partaideak izendatzea izango da. Legearen arabera, hori zehazteko osoko bilkura 30 eguneko epean egin behar da. Ekainaren amaieran ez bada, uztailaren hasieran egin asmo dute Oñatin.