Faktoria Soziala aurkeztu du Ganbarak, kultura eta gizartegintza lotuko dituen proiektua

Miren Arregi Amasorrain 2023ko mai. 8a, 16:19

Elkartasuna oinarri duen kultura sustatzea da Ganbara Faktoriaren proposamen berriaren funtsa. Horretarako, hainbat ekitaldi eta jarduera antolatu dituzte. Ekimen horien artean daude San Martin egoitzarekin edo AFAGIrekin (Alzheimerra edo beste dementziaren bat duten Gipuzkoako Lagunen eta Senitartekoen Elkartea) elkarlanean egingo direnak, bai eta Fair Saturday ekimena, zeinetan kontzertu solidarioa eskainiko duten.

Ganbara Faktoriak elkartasuna, bakardadea, gizartegintza, genero berdintasuna, euskara, ingurumenarekiko errespetua... bezalako balioak sustatu nahi ditu, "euskal kulturan horren esanguratsua den abesbatza musika eta euskal musika lotuz, balio horiekin bat datorren gizarte bat eraikitzeko beharrezkoa den inpaktu soziala eraginez". Hala, hainbat ekimen egingo dira, San Martin Egoitzarekin eta AFAGI elkartearekin. Gainera, azken urteetan sona handia hartu duen Fair Saturday ekimenaren bueltan, kontzertu solidarioa ere eskainiko dute. Bertan batutako dirua gizartegintzan ari den elkarte bat laguntzeko izango da. Ganbara Abesbatza osatzen duten talde guztiek hartuko dute parte ekimenetan.

San Martin egoitzarekin elkarlana

  • Abenduaren 24an, Gabon Egunean, San Martin Egoitzan emango zaio hasiera Gabon Batzeari.
  • San Martingo egoitzako Aste kulturalean parte hartuko du Ganbara Faktoriak.
  • Euskal kantez osatutako tailer parte hartzaile bat egingo da, egoiliarrek ezagutzen dituzten betiko kantak aukeratu eta abestu ditzaten.
  • 2024ko Martxoaren 8aren bueltan, ospakizun bat egingo da, San Martin egoitzako emakume langileak omentzeko.
  • Irailetik aurrera Etxeko Abesbatza sortuko da, eta, astean ordu betez, egoiliarrei abesbatza baten parte hartzeko aukera eskainiko zaie.

AFAGIrekin ere lanean

Alzheimerra duten Gipuzkoako pertsonen eta senitartekoen elkarteko kideei zuzenduta ere kontzertu bat eskainiko da "gaixotasuna duten pertsonen familiak egunerokotasunetik aldendu eta une goxo batez lagunduak izateko", azaldu du Aitor Biainek. Kontzertua oraindik zehazteke dagoen arren, AFAGIko presidente Iñaki Olaldek balio handia eman dio elkarlan honi, haren esanetan, "alzheimerra edo beste gaixotasun kognitiboak oso estigmatizatuta daudelako eta horrelako ekimenek gaixotasun horiei ikusgarritasuna emateko eta aldi berean gaixo, zaintzaile zein senitartekoek gizartearekin zubiak eraikitzeko balio dutelako".

Oñatin bulegoa irekiko du AFAGIk

Olaldek aurreratu duenez, oraingo urtean AFAGIk egoitza zabalduko du Oñatin, kaltetuei aholkularitza eta sostengua emateko.

Fair Saturday, kontzertu solidarioa

Azaroaren azken zapatuan izaten da Fair Saturday ekimena eta Ganbara Faktoriak 2023tik aurrera ekimen honetan parte hartuko duela ere aurreratu du Aitor Biainek. Egun horretan, kontzertu solidario erraldoi bat egingo da, eta bertan batutako dirua gizartegintzan ari den elkarte edo erakunde bati laguntzeko izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak