"Txikitako jolasak errekuperatzeko ahalegina egin dugu eta gazteak gustora ibili dira. Horrekin batera, pandemia aurretik Oñatin egin behar genuen saio hau, baina hor etena egon zen. Hala, ekimena errekuperatu dugu, ikasleek inguruko herrietako gazteekin ere hartu-emana izan dezaten", adierazi du Borja Moiua Urgain eskolako irakasleak.
Aramaioko, Eskoriatzako Luis Ezeizako, Aretxabaletako Kurtzebarri LH-ko, Arrasateko Herri Eskolako, Bergarako San Martingo, Angiozarko, Antzuolako eta Oñatiko Urgain eskolako neska-mutikoek hartu dute esku Goieskolako jolas eta kirol topaketan. Esan moduan, goizean joko tradizionaletan ibili dira, eta arratsaldean orientazioko saioa izan dute. Hor, armarriak eta iturriak bilatu behar izan dituzte. "Asier Osinaga ibiltzen da halako orientazio probatan, eta hark prestatu du arratsaldeko saioa. Seguruenik oñatiarrek abantailatxoa izango dute, baina ederto ibiliko gara", gaineratu du Moiuak.
Ekitaldia Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleentzat antolatu dute, eta guztira 302 ikasle elkartu dira. Hala, arto batzean, igel-jokoan, txingoka, tronpekin, txapaka, harrapaketan... Denetariko jolasak egin dituzte, txandaka, eta eguraldi ederrak ere lagundu du.