Berotasuna jaso zuen atzo iluntzean Irunberri, 1990: Arroilaren negarra liburuak Oñatiko Santa Ana aretoan. Lehenengoz Donostiako Koldo Mitxelenan aurkeztu zuten, atzo Oñatin egin zuen geldialdia liburuak eta ondoren Andoainen eta Iruñean egingo dituzte aurkezpen-ekitaldiak. Jardunaldia zazpietan hasi zen, eta hitza hartzen lehena Oñatiko Gure Bazterrak taldeko Ander Lizarralde izan zen. Eskerrak eman zien bertaratutako guztiei, eta ondoren Udaleko Xabier Igartuak ere hitz egin zuen.
Momentu hunkigarria Susana Arregiren ama den Enkarna Maiztegi oholtza gainera igo zenean izan zen. Semea alboan zuela, liburuaren garrantzia azpimarratu zuen, eta garai haiek oso "gogorrak" izan zirela gaineratu zuen. Aurkezpenekin amaitu ondoren, Pako Aristi idazleak liburuaren mamia azaldu zuen. Bukatzeko, ikusleek galderak egiteko astia ere izan zuten.
Irunberriko gertaera
1990eko ekainaren 25ean Irunberriko arroilan eguerdian izandako tiroketa hartan Hervas Sargentua hil zuten etakideek eta German Rubenach kidea buruan tiro batekin agertu zen, iluntzean, oso larri zaurituta. Nafarroa Ospitalera eraman zuten eta bizirik atera zen.
Susana Arregi oñatiarra eta Jon Lizarralde andoaindarra hurrengo goizean agertu ziren arroilan; bi tiro zituen buruan Arregik eta bat Lizarraldek. Bertsio ofizialak suizidioa aipatu zuen, baina herriaren bertsioaren arabera guardia zibilek harrapatu, torturatu eta hil zituzten.
Gertatutakoa jakiteko egindako ikerketa jaso dute orain Gure Bazterrak taldekoek eta Pako Arisitik Irunberri 1990: arroilaren negarra liburuan. Erein argitaletxeak kaleratu zuen martxoaren 30ean.