'Munduaren zauriak, Kristoren zauri' lelopean egin dute Arantzazurako erromesaldia

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko api. 1a, 10:35

Fernando Prado Gipuzkoako gotzainak lehen aldiz hartu du parte Arantzazuko erromesaldian gotzain modura. "Munduaren zauri" diren "Kristoren zauriez" egin dute hausnarketa Arantzazurako bidean. 12:00ak aldera iritsi dira erromesak Arantzazura eta meza nagusiaren ordez, otoitza egin dute Basilikan.

Goizeko 09:00etan abiatu dira ehundaka lagun, Oñatiko Soraluze Hotela jatetxearen aurretik Arantzazurako erromesaldian 'Munduaren zauriak, Kristoren zauri' lelopean. Ohitura duten legez parte hartzaileek ebanjelioko pasarteak eta gogoetak entzun dituzte bidean. Donostiako Elizbarrutiak antolatutako martxan, Unai Manterola bikarioa aritu da antolatzaile lanetan eta berak azaldu duenez, zazpi pauso egingo dituzte, eta bakoitzean hausnarketa gai ezberdina planteatuko dute: "Aurten, zazpi gaiak Kristoren zaurien inguruan dira; hala nola, munduaren zaintza, emakumeen aurkako indarkeria, elizaren botere abusua, elkartasun beharra... Horrelako zazpi gai izango dira; munduaren zauriak aipatzen dituena eta munduaren zauri horiek Kristoren zauriak dira".

Aurtengoan, Gipuzkoako gotzain Fernando Pradok ere hartu du parte. Gotzain bezala, lehen aldiz egingo du erromesaldia, baina adierazi duenez, duela 24 urteko martxan ere izan zen. Jendearekin egoteaz "pozik" dagoela aitortu du: "Egun zoragarri bat pasako dugu elkarrekin. Hori da helburua eta hemen gaude". Ekintzaren helburua hausnarketa egitea dio; hori bai, festa giroan: "Garizuman gaude eta bihar Aste Santuan sartuko gara. Hausnarketa moduan prestatzen dugu egun honetarako".

Hernani, Oiartzun, Villabona, Azkoitia... Gipuzkoako hainbat txokotatik etorri dira fededunak. Gustura, baina nabaritu dute partaide kopurua jaitsi dela. "Hemen gaudenak, gehienak fededunak gara eta poz handiz etortzen gara Arantzazuko amaren babesean. Badakigu gure gizartean fedearen kontua beherantz doala, baina guk kemena mantentzen dugu eta aurrera goaz", dio gotzainak beherakada horren inguruan.

Mezaren ordez, otoitza

Erromesaldiaren lehen urteetan ez zen meza nagusirik egoten, eta gaurkoan "era hori berreskuratu" dute Manterolaren esanetan. Hortaz, ez da meza nagusirik egongo. Erromesak eguerdiko hamabiak aldera iritsi dira Arantzazuko Santutegira eta otoitza egin dute Basilika bertan. Manterolaren hitzetan, "tarte gutxi geratzen zen elkarrizketarako, elkarrekin egoteko, urtean behin ikusten den jendea agurtzeko... Horrek martxaren zati izaten jarraitzen du. Bi ordu otoitz egiten igo ondoren, nahikoa dela iruditzen zaigu eta Eukaristiara joateko aukera du jendean gaur arratsaldean edo bihar goizean parrokia guztietan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak