Arrikrutzen ere ospatu dute Kobazuloen XIII. Eguna

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko mar. 26a, 17:23

Asteburu lanpetua izan dute Arrikrutz kobetan; izan ere, gaur, domeka, Kobazuloen XIII. Eguna ospatu dute eta ohiko bisita gidatuez gainera, familia giroan gozatzeko Espeleotxiki bisita egin dute goizean eta arratsaldean helduek izan dute espeleologia abentura bizitzeko aukera.

Bergaratik joandako hiru familiek gozatu egin dute espeleologo paperean sartuta, koba barruko sekretuak bertatik bertara ikusten. "Bi orduko jarduera bat da. Koba barruan sartu eta pasarelatik kanpo ibili gara beste galeria batzuk ezagutzeko. Mapa bat eskuetan, altxor ezberdinak aurkitu behar izan dituzte. Giro oso polita sortu da eta gustura ibili gara!. Horrez gainera, bestelako ohiko bisita gidatuak ere egin ditugu, gaur, gainera, sarrera erdi prezioan ordainduta", azaldu du Arrikrutz kobetako gidariak.

Goizean egin duten Espeleotxiki bisita gidatuaren bukaera.

Errealitate birtualeko betaurrekoak erabilgarri

Kobetako barrunbetan ibili ondoren, harreran dauden betaurreko bereziak probatzera joan dira gero bisitari asko. "Irisgarritasunean beste pausu bat eman gura izan dugu, bada, betaurreko berezi horiekin; izan ere, koban sartzeko aukera ez duenak, betaurreko horien bitartez ikus daitekeen lau minututako bideoak kobako barruko irudiak erakusten ditu. Hori horrela, bisitari batek baino gehiagok kobatik irten eta horiek janztera etorri dira, barruan ikusi dutena beste ikuspegi batetik gozatzeko gogoz eta harrituta geratu dira", azaldu du  Sozio-ekonomia eta Turismo saileko zinegotzi Karmelo Guridik.

Arrikrutzeko 53. galeriaz gainera, Oñatiko Unibertsitatea eta Arantzazuko Santutegia ere modu birtualean bisitatzeko aukera ematen dute Oñatiko Turismo bulegoan, Arrikrutzeko harrera zentroan eta Arantzazuko turismo bulegoan eskuragarri dauden betaurrekoen bidez.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak