Zapatuan estreinatuko dute 'Sehaska kanta gorriari' antzezlana

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko mar. 22a, 09:20

'Sehaska kanta gorriari' martxoaren 25ean, zapatuan, estreinatuko dute, Santa Anan, 19:00etan. Arta Kolektiboaren antzezlana da, eta emakumeen sormen lana ikusarazteko Udalak emandako lehen bekaren emaitza. Antzokiko beheko sarrera gehienak salduta daude dagoeneko.

Oñatiko Udaleko Kultura eta Berdintasun sailen arteko ekimena izan da, bien artean gauzatutakoa. Emakumea eta sormena hartu dituzte ardatz eta antzezlana izan da lehen emaitza, baina izan zitekeen literaturatik edo zinematik egindakoa ere. Arta Kolektiboko neskak "txundituta" gelditu ziren Alaine Agirreren liburuarekin, eta pandemia aurretik zuten buruan hura antzerki bihurtzea. Haien nahiak eta Udalaren helburuak bat egin zuten duela urtebete. 2022an hasi ziren prestatzen eta ordutik "sekulako abentura" izan da proiektua eurendako. "Liburua zaila da antzerkira ekartzeko, eta erabaki dugu guri nondik heltzen zaigun adieraztea. Badaude pasarte batzuk berehala identifikatu ahal direnak eta beste batzuk, sormen handikoak", aurreratu du Amaia Castañeda aktoreak.

Irene Balzategi eta hura agertuko dira oholtzan, Gentzane Martinez de Cestaferen zuzendaritzapean. Hirurek osatzen dute Arta Kolektiboa. Baina lan honetarako diziplina askotariko emakume asko gura zituzten ondoan, eta Itziar Bastarrikarekin –iruditegiaren ardura–, Jaione Azkonarekin –soinu teknikaria– eta Donostiako Muare taldearekin –abestien diseinatzaileak– osatu dute lantaldea. "Hiru emakume gara, bizipen eta ideia ezberdinak ditugunak. Asko zaindu dugu elkar, komunikazio handia izan dugu, eta prozesua ederra izan da. Barruko gauzak azaleratzeko modua da antzerkia niretako, eta uste dut publikoko pertsona orok bizi izan duten momenturen bat ikusiko duela lan horretan", dio Balzategik. Alaine Agirre idazleak badu proiektuaren berri, eta Oñatin ere izan da, baina ez du emaitza ikusi oraindik. Gonbidatuta dago estreinaldirako.

Sarrerak online eta Txokolateixan daude salgai.

Irene Balzategi, Jaione Azkona, Amaia Castañeda, Gentzane Martinez de Cestafe eta Itziar Bastarrika.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak