Iraganari begirako proiektuak egin izan ditu Gure Bazterrak taldeak eta oraingoa, 1990 urtean Irunberrin gertatutakoaren ikerketa izan da. Lan hau egiteko, baina, Pako Aristi idazlearen laguntza izan dute; 2022ko urtarriletik ibili dira elkarlanean lana burutzen. Gure Bazterrak taldekoak adierazi duten moduan, jende askorekin egin dute berba, tartean Gasteizen gaiari buruz jakiteko egin zuten deialdian parte hartu zutenekin. "Aurrerapauso nabarmenak" atera dituzte egindako lanetik.
Irunberriko gertaera
1990eko ekainaren 25ean Irunberriko arroilan eguerdian izandako tiroketa hartan Hervas Sargentua hil zuten etakideek eta German Rubenach kidea buruan tiro batekin agertu zen, iluntzean, oso larri zaurituta. Nafarroa Ospitalera eraman zuten eta bizirik atera zen.
Susana Arregi oñatiarra eta Jon Lizarralde andoaindarra hurrengo goizean agertu ziren arroilan; bi tiro zituen buruan Arregik eta bat Lizarraldek. Bertsio ofizialak suizidioa aipatu zuen, baina herriaren bertsioaren arabera guardia zibilek harrapatu, torturatu eta hil zituzten.
Gertatutakoa jakiteko egindako ikerketa jaso dute orain Gure Bazterrak taldekoek eta Pako Arisitik Irunberri 1990, arrollaren negarra liburuan. Erein argitaletxeak kaleratuko du, martxoaren 30ean eta lau aurkezpen egingo dituzte gero. Donostiako Koldo Mitxelenan izango da lehenengoa, eta Oñatin egingo dute apirilaren 26an, Santa Anan. Andoainen eta Iruñean izango dira gero.