Gazteluaren aztarnak aurkitu dituzte Gazteluaitzen

Miren Arregi Amasorrain 2023ko mar. 15a, 15:20

Asteburuan Aranzadi Zientzia Elkarteak Gazteluaitzen egindako indusketetan ondorioztatu dute, baietz, gaztelua egon zela garai baten Gazteluaitzen. Hipotesien arabera, Goi Erdi Aroan –X. edo XI. mendean– egon zen gaintxoan eta aurkitutako aztarnen arabera, ez zen oso handia izango.

Gazteluaitzen hiru tokitan egin dituzte asteburuan indusketa arkeologikoak eta ondorio argia atera dute: Gaztelua egon zen Gazteluaitzen. Hipotesien arabera, gaztelu txikia izango zen, tontorrean soilik aurkitu baitituzte aztarnak. Antxoka Martinez arkeologoaren esanetan, "gaztelu txikia izango zen, Goi Erdi Aroan egongo zen X. edo XI. mendean, eta bigarren mailako bide bat behatzeko erabiliko zen seguru asko". Gainaldean, horma txikia ikusi dute, bai eta, gaztelua kokatuta egon zen eremuan harriak ondo landuta daudela ere. Terrazamenduaren aztarnak ere aurkitu dituzte eta betelana egiteko erabili zituzten harriak ere bai.

Gainera erdi aroko zeramika puskak ere aurkitu dituzte, eta bitxiagoa dena, baita historiaurrekoak ere. Aurreko behaketa batzuetan ere aurkitu zituzten horrelako pusketak, bai Erdi Arokoak eta baita kalkolito garaikoak ere, duela 4.500 urtekoak.

Gaztelua topatzeko aukerak handiak ziren Gazteluaitzen. XVI. mendeko aipuetan Gazteluaitz izena azaltzen da tontorra izendatzeko, baina, gazteluaren beraren erreferentziarik ez dago, horregatik uste zuten lehenagokoa zela.

Halere, espero baino aztarna gutxiago aurkitu dituzte Gazteluaitzen. Tontorrean aurkitu dituzte gazteluaren aztarnak, baina ez beherago, eta ezta magalean ere. Horregatik ondorioztatu dute gaztelu txikia izango zela. Hala ere, aztarna gutxi aurkitu izanaren arrazoia gerora han egon zen harrobia ere izan daiteke. "Harrobia jartzen denean, haitza apurtzen hasi aurretik gainaldean dagoen harria erabiltzen da, beraz, pentsa genezake, gazteluaren harriak eraman egin zituztela", azaldu du Martinezek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak