Broadway-ko musikalak entzungai domekan

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko mar. 7a, 12:17

Gainera, Musikaldia-n, Oñatiko Musika Bandaren denboraldiko laugarren kontzertuan, Candem Town dantza akademiako 100 kidek baino gehiagok koreografia jarriko diete entzungo diren sei piezei.

Entzunaldia kontzertu denboraldiaren barruan, laugarren eta bosgarren kontzertuen nondik norakoak azaldu ditu Oñatiko Musika Bandak Kultur Etxean egindako prentsaurrekoan. Bi kontzertu hauek didaktikoak izango dira eta bandako kideek esanetan "etorkizuneko banda bermatzea" da helburu nagusia.

Lehena, Musikaldia izenburupean, domekan (13:00) izango da Zubikoan eta kolaborazio berezia izango du. Musika Bandak, Aitor Biain Bidartek zuzenduta, Broadway-ko musikaletako sei pieza joko dituzte. Piezek, ordea, koreografia ere izango dute, Bergarako Candem Town dantza akademiako 100 dantzari baino gehiagoren eskutik; oñatiarrak ere izango dira tartean. Guztira 200 pertsona baino gehiago batuko dira kiroldegiko pilotalekuan.

Musika Eskolako kide direnek gainera OMB lehen pertsonan ezagutzeko aukera izango dute zuzendariaren eskutik. Kontzertua hasi baino ordubete lehenago 30 ikaslek, bandako sekzio ezberdinak ezagutuko dituzte eta instrumentuak gertutik ikusteko eta entzuteko aukera ere bai.

Sarrerak agortuta

Kontzertu honetarako sarrerak duela bi astetatik agortuta daude, baina Musika Bandatik dei egiten dute, sarreraren bat soberan duenak Txokolateixan uzteko edo bestela beharrean dagoen norbaiti emateko. Era berean, domekan, pilotalekura denborarekin joateko eskakizuna ere egin dute, sarreran eta harmailetan pilaketak ekidin ahal izateko.

Animaldia, apirilaren 30ean

Denboraldiko bosgarrena izango da hau eta asteburu honetakoa bezala didaktikoa, gazteak musikara gerturatzeko helburuarekin. Kasu honetan, kontzertua bi zatitan banatuta egongo da. Lehenengoan Bremengo Musikariak ipuin musikala izango da entzungai, Miel Guridi narratzailearen kolaborazioarekin. Bigarren zatian berriz, Oñatz Dantza taldearen eskutik erraldoien konpartsak lagunduko dio Musika Bandari, baita Banda Gazteko kideak ere.

Musikaldia-n gertatu bezala, hemen ere Musika Eskolako haurrek lehen pertsonan ezagutuko dute bandaren jarduna eta pasa den urteko "0 aulkia" esperientzia errepikatuko dute. Hemen musikari gazteak, kontzertuan bertan, gustuko duten instrumentuaren ondoan gozatu ahalko dute kontzertua; Musika Bandakoen hitzetan "esperientzia ona" izan zen aurreko urtekoa eta errepikatzea erabaki dute.

Kontzertu honetarako sarrerak hiru aste lehenago jarriko dira eskuragai Txokolateixan eta Musika Eskolan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak