Alkarrekin Eratu lankidetza programa onartu du Oñatiko udalbatzak

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko urt. 27a, 13:16

Zaintzaren alorrean pertsonen prestakuntza eta laneratzea sustatzeko proiektua da Alkarrekin Eratu, Elkarzabal elkarteak, Bidebarri laneratze enpresak, Bastida Akademiak, Debagoieneko Mankomunitateak eta Oñatiko Udalak elkarrekin abiarazitakoa.

Alkarrekin Eratu lankidetza programa onartu du Oñatiko udalbatzak urtarrileko osoko bilkuran. Zaintzaren alorrean pertsonen prestakuntza eta laneratzea sustatzeko proiektua da Alkarrekin Eratu, Elkarzabal elkarteak, Bidebarri laneratze enpresak, Bastida Akademiak, Debagoieneko Mankomunitateak eta Oñatiko Udalak elkarrekin abiarazitakoa. Zaintzaren alorrean lan bila dabiltzanei edo sektoreko langileei dago zuzenduta, mendekotasuna duten pertsonen etxez etxeko zainketan dabiltzanei edo ibil daitezkeenei. Guztira, 30 pertsonak hartuko dute parte, eta 2024an bukatuko da hasiera batean, bi alditan antolatutako prestakuntzak egin ostean. Lehenengoa aste honetan bertan hasi da.

Udalak Euskal Herriko Unibertsitatearekin hitzarmena egitea ere onartu du udalbatzak, kasu honetan zuzenbideko gradua tituluko ikasleen kanpoko praktika curricularrak egiteko. Udalaren eta Aloña Mendiren arteko hitzarmena ere onartu zuen udalbatzak. Galde erreguen tartean, Energia Planari lotuta lanean hasi den teknikariaren zereginen berri eman zuen Udal Gobernuak, oposizioak eskatuta. Xabier Igartuak azaldu zuen moduan, bere zereginen barruan dago udal eraikinetan energia kontsumoa aurrezteko zer eta nola egin daitekeen aztertzea, kale argiteriaren diagnosi bat egitea edo herritarrek euren fakturak ulertzeko eta tarifen gaineko informazio zuzena jasotzeko Udalak zabalduko duen energiaren bulegorako informazioa prestatzea.

Pausu Berriak egitasmoaren luzapena

Bestalde, Pausu Berriak izeneko egitasmoarekin ere jarraituko duela jakinazi berri du Udalak. Egitasmo Adimen desgaitasuna duten pertsonen laneratzea du helburu egitasmo horrek, langile berrien garapen pertsonal eta soziala sustatuz. Luzatu egin dute Udalak eta Atzegi-Gureak-ek zuten hitzarmena eta hala, udaletxean jarraituko du lanean egitasmo horren haria iazko martxotik hor diharduen Saioa Garai Martin oñatiarrak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak