Segurtasuna bermatzeko lanak hasi dituzte Torreauzoko zubian

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urt. 17a, 16:44

Torreauzoko zubiko lanak astelehenean hasi zituzten arren, gaur eman ditu Oñatiko Udalak lanen xehetasun guztiak komunikabideen aurrean. Oinezkoen irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko eta oinezkoen eta ibilgailuen zubia modu seguruagoan zeharkatzeko proiektua da egingo dutena.

Zubi historikoaren aldamenean oinezkoentzako pasarela bat egitea aurreikusita zuten arren, azterketa bat egin, eta hiru aukera mahai gainean jarrita, pasarela egitea baztertu, eta zintarri bat jarriko dute oinezkoen bidea eta ibilgailuena bereizteko, besteak beste.

Aurrekontuetan 250.000 euroko partida bat zuen gordeta Oñatiko Udalak Torreauzoko zubiaren aldamenean pasabide bat egiteko. Hala ere, azterketa egin dute eta esku-hartze txikiagoa izango duten lanak dira egingo dituztenak. Guztira, 50.000 euroko kostua izango dute lanek, eta gaur egun sortzen diren arazoei konponbidea emango dietela uste dute Oñatiko Udaletik.

Errepidea zintarriarekin banatuz

"Aztertu dugu zubiaren gora aldera eta behe aldera pasabide bat egitea, baina, irteten den emaitzarekin ez gara gustura geratu. Izan ere, uholde arriskua dela-eta, zubiaren altura eta dimentsioengatik…, ez zen ondo geratuko zubi historiko horren alboan azpiegitura. Hori horrela, hirugarren aukera moduan, zero alternatibaren alde egin dugu; gaur egungo zubia aprobetxatuta, gaur egungo arazoei konponbidea emate aldera. Oinezkoentzako bidea eta ibilgailuentzako errepidea banatzea zintarri baten bitartez, gaur egungo bidegorriari jarraipena emanaz, eta altura emanda, eta bidegorria kolorez ere desberdinduz. Aukera honek, gerora ere pasarela bat egiteko aukera ematen digu, baina, uste dugu azpiegitura erraldoi bat jarri beharrean funtzionatuko duela", adierazi du Xabier Igartuak, Oñatiko zerbitzu eta landa garapen saileko batzordeburuak.

Oñatiko Torreauzoko zubiko lanen planoa.

Otsailerako amaituta

Etxaide eraikuntzak ari da obra egiten, eta, lanak aste honetan hasita, aurreikuspenen arabera otsailerako amaituta izango dituzte. Hori horrela, gaur egun sortzen diren arazoak hobetuko diren ziurtasunarekin, behin betiko irtenbidea izan daitekeela aurreikusten dute Oñatiko Udaletik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak