Puntua aldizkariaren 351. alean argitaratutako elkarrizketa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Duela hamar urte, ordura arte jarraitutako ibilbidea guztiz aldatu zuen Ibon Martinek (Donostia, 1976): ikasketaz kazetaria, hamar urtez bidaia-liburu eta bide-liburuak argitaratu ostean, lehen nobela beltza kaleratu zuen, El valle sin nombre. Horrekin eta gerora kaleratutakoekin milaka ale saldu ditu bai Euskal Herrian eta baita atzerrian ere, eta horixe du helburu haren lan berrienak ere.
Nola bizi dituzu liburu berri bat argitaratzearen bueltako egunak?
Beti dago urduritasun pixka bat... edo pila bat! Liburua idazten duzunean ahal duzun eta hobekien egiten duzu, baina noski, jendea irakurtzen hasten denean dakizu ondo egin duzun edo asmatu duzun edo ez. Lehenengo irakurleek esan didate ondo dagoela, baina beti duzu gertatuko denaren gaineko kezka. Zortzigarren eleberria da El ladrón de rostros, eta ilusioak eta urduritasunak hor jarraitzen dute, liburu bakoitza liburu berri bat delako, bizitza berri bat. Nik neuk gero eta gehiago espero dut nire buruarengandik, eta, hori horrela, esango nuke gero eta urduritasun maila handiagoa izaten dudala.
Zergatik aukeratu duzu Oñati kokaleku moduan?
Azken liburuetan itsasertzean kokatu ditut istorioak eta eroso sentitu naiz horrekin, ni neu Donostian, itsasertzean, bizi naizelako eta hobekien ezagutzen dudan giroa horixe delako. Baina oraingo honetan liburua erronka bat izatea nahi nuen, bai pertsonaiak eta bai neure burua ere barnealdera eramatea. Hori pentsatu nuenean Oñati etorri zitzaidan burura, bertan gauza asko elkartzen direlako: tradizioak, erlijioa, sineskeriak, euskal mitologia... Oñatitik ez zara pasatzen, Oñatira joan egin behar duzu, eta isolatuta egote horrek izugarri lagundu dit.
"Oñatin gauza asko elkartzen dira: tradizioak, erlijioa, sineskeriak, euskal mitologia..."
Zenbat bidaia egin dituzu bertara liburua idazteko? Nolakoa izan da dokumentazio-lana?
Bidaiak, pila bat. Liburua idazten hasi baino lehen, Plaza & Janes argitaletxeko buruarekin egon nintzen; Arantzazu ezagutzen zuen, baina gero, Aitzulora, Sandailira... Oñatiko toki sekretu askotara eraman nuen, baita kaleko giroa ikustera ere; ni bezala, maitemindu egin zen. Handik aurrera, liburua idatzi bitartean, askotan egon naiz. Ez nekiela zer egin? Bada, Oñatira berriz ere inspiratzera! Niretzat oso garrantzitsua da ondo dokumentatzea. Gainera, Oñatin kokatu ditzakezun istorioak ez dira Pasaian edo Mundakan kokatu ditzakezunak bezalakoak; toki bakoitzean ezberdinak dira. Oñatin artzainen giroan murgildu naiz, mendietan... Baina, askotan, dokumentazio onena da herriko tabernara joatea, kafe bat hartzea, biztanleen elkarrizketak eta arazoak entzutea... Horrekin guztiarekin herri bateko giroa islatu dezakezu liburuan eta horixe egin dut Oñatirekin ere.
Azken liburua Oñatin kokatu duzu, baina aurrekoak Urdaibain, Iratin eta Pasaian zeuden girotuta, esaterako; garai batean bidaia-liburuak idatzi izanaren ondorio da hori?
Bai. Ni bidaia-liburuekin hasi nintzen: Euskal Herrian zehar ehunka ibilaldi egin eta argitaratu nituen; ordutik datoz orain erabiltzen ditudan tokiak. Ezagutzen ditudan tokiek inspiratzen naute: lehena Pasaia izan zen, orain Oñati da eta hurrengoa ez dakit zein izango den, baina seguru bertan ibilaldiren bat egin dudala.
Zazpigarren thrillerra duzu. Nola egiten duzu irakurlea engantxatzeko eta errepikakorra ez izateko?
Gero eta zailagoa egiten zait ez errepikatzea, baina horretan saiatzen naiz. Beste idazle batzuen liburu pila bat irakurtzen ditut, nondik datozen edo egungo korronteak zeintzuk diren jakiteko. Era berean, irakurle bezala, gustatzen zaidana idazten dut: denbora guztian harian bezala egotea, eta bukaeran sorpresak egotea. Hiltzailea bat izango zela uste eta bukaeran beste bat izatea. Era berean, saiatzen naiz bailara handiak ez egoten liburuetan: mendiak tentsioa topera dagoen uneak dira; bailarak, bizitza lasai doan uneak. Bailarek egon behar dute, noski, irakurleek pertsonaien bizitzaren berri izan dezaten, baina mendiekin tartekatuta, tentsioa egon dadin.
Zergatik pizten dute horrenbesteko interesa hilketa bat abiapuntu duten eleberriek?
Askotan pentsatu dut horretan. Esan bezala, niri izugarri gustatzen zait horrelako eleberriak irakurtzea, eta uste dut dela orain oso azkar bizi garelako eta tentsio handiko gauzak irakurtzea behar dugulako. Telebista hor dago; liburuaren ondoan, sakelakoa... Arreta galtzea ekar dezaketen gauza pila bat daude eta liburuan sartuta egoteko zerbait behar duzu: liburua azkar hasi behar da eta azkar eraman behar zaitu bukaerara.
Nobela beltza argitaratu ere asko argitaratzen da; ez dago saturaziorako arriskurik?
Saturazioa egon badagoela esango nuke. Ehunka nobela beltz argitaratzen dira hilabetero, baina gutxi batzuek dute bizitza. Pena ematen dit, idazle pila bat ari direlako sortzen eta ez dutelako euren lekua. Liburu-dendetara hainbeste liburu heltzen dira, oso azkar saltzen ez dena berehala doa bueltan kutxara, eta kutxatik biltegira. Hori gertatzen da dagoeneko saturazio-puntura heldu garelako.
Ehunka nobela beltz argitaratzen dira hilabetero baina gutxi batzuek dute bizitza
Aurreko bi eleberriak bezala, azkena ere Plaza & Janes argitaletxe ezagunarekin kaleratu duzu; igartzen duzu horrek ematen duen babesa edo indarra?
Izugarri. Aurrekoak nire argitaletxearekin kaleratzen nituen, Travel Bug-ekin, eta Onin protagonista duten haurrendako liburuak ere horrekin argitaratzen ditut. Horrek Euskal Herriko liburu-dendetan ematen dizu lekua. Baina Plaza & Janesekin kaleratzeak dakar Espainian ere ondo saltzea, baita Hego Amerikan ere. Era berean, hizkuntza mordo baterako itzulpenak egiten dituzte. Tulipen dantza, esaterako, badago euskaraz, baina errusieraz, italieraz, alemanez, frantsesez, nederlanderaz... ere bai, eta hori Plaza & Janesek lortzen du.
Jasotzen duzu kanpoko irakurleen feedbackik?
Pila bat; batez ere, Herbehereetatik eta Italiatik. Irakurle pila bat ditut herrialde horietan eta gonbidatzen naute aurkezpenak egitera, hitzaldiak egitera... Bidaia bereziak dira. Oñatin liburua aurkezteak ilusio izugarria egiten dit, baina Erromara joan eta nire liburuari buruz italiar mordo baten aurrean hitz egitea sekulakoa da!
"Sekulakoa da Erromara joan eta nire liburuaz italiar pila baten aurrean hitz egitea"
Onin pertsonaia protagonista duen haurrendako bilduma aipatu duzu. Bikote berezia: thrillerrak eta umeendako liburuak.
Bai. Thrillerrekin hasi nintzen garai berean aita ere izan nintzen. Eta nire alabak, 4 urterekin, lo egiteko orduan zerbait irakurtzeko eskatzen zidan. Irakurtzen nuen guztia gustukoa izan arren, pentsatzen nuen nik beste era batera egingo nuela. Hala, behin saiatzea erabaki eta Onin sortu nuen. Joko bat bezala hasi zen, eta dagoeneko 100.000 ale saldu dira Euskal Herri mailan eta laugarren aldiz izan da euskal ikasleek gehien bozkatu dutena JUUL sarietan; oso abentura polita ari da izaten Onin-ena. Hain erregistro ezberdinak lantzea erronka ere bada: pentsa, momentu batean hilketei buruz ari zara pentsatzen eta hori utzi egin behar duzu ume baten buruan sartu eta umeen abentura bat idazteko. Aldi berean, izugarri laguntzen dit burua garbitzeko: hainbeste ikerketarekin eta mundu beltzekin saturatuta nagoenean, bizitzarekin adiskidetzen nau.
Izan ere, zuk bezala nobela beltza eta hilketak idazteko, burua makur samar, maltzur samar ere izan beharko da, ala?
Baietz esango nuke. Baina irratia edo telebista piztuz gero, konturatzen zara horrelako istorioak egunero gertatzen direla. Idazten ari naizenean beti pentsatzen dut pasatzen ari naizela, jendearentzat ez dela sinesgarria izango, ez dutela nire ideia erosiko, baina telebista piztea askoz ere okerragoa da. Batzuetan etortzen zait burura akaso psikopata bat naizela, baina bakarrik paperaren aurrean nagoenean. Izatekotan, espero dut horrela bakarrik izatea!
Irakurle askoren mesanotxean egongo da aurrerantzean El ladrón de rostros; eta zurean ze liburu dago gaur egun?
El túnel 29 izeneko liburua, Helena Merrimanek idaztitakoa. Ez da nobela bat, baina badirudi hala dela. Berlingo Harresiaren historia da: nola eraiki zuten kontatzen du, baina baita nola egon zen beti ihes egiten saiatu zen jendea ere. Oso interesgarria da, tentsioz beterikoa, eta oso ondo ari naiz pasatzen. Nobela beltza pila bat irakurtzen dut, eta bidaien liburuak ere bai. Baina ez gidak, bidaiei buruzkoa baizik: Javier Reverterenak eta Ander Izagirrerenak, adibidez. Asko gozatzen dut horrelakoekin.
2023a urte berezia izango da zuretzat, hamar urte beteko direlako lehen eleberria atera zenuenetik; zelako hamar urte izan dira?
Oso bidaia berezia eta polita izan da. Lehen eleberria argitaratu nuenean, El valle sin nombre, zaletasun moduan argitaratu nuen: 500 ale atera nituen, guztira. Pentsatu nuen: "Eleberri hau idazten oso ondo pasatu dudalako idatzi dut. 500 lagunek erosten badute, ze polita!". Eta orain, El ladrón de rostros-en 40.000 ale kaleratu ditugu lehenengo labekadan. Eta gero, gehiago etorriko dira. Ilusioz beteriko bidea izan da, eta izugarri ikasi dut. Gero eta hobeto idazten dudala uste dut.... Hori da nik sentitzen dudana; gero, irakurleek esango dute uste dutena! Baina ni neu, behintzat, idazteko orduan erosoago sentitzen naiz. Egon den aldaketaren beste adibide bat Durangoko Azoka da: lehenengo eleberriarekin joan nintzenean, jendea pasatzen zen postuaren aurretik eta oso gutxik erosten zuten; eta erosten zutenek, proba moduan. 2022an, aldiz, batzuk haserre ere etorri zitzaizkidan nobela berria oraindik kaleratu gabe nengoelako! Presioa sentitzen dut, baina lasaitasuna ere bai, aldi berean.