Jarraipena izango du Esperientzia Gelak

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko urt. 12a, 09:48

Urritik abendura bitartean egindako hitzorduek harrera ona izan dute eta dagoeneko aurreratu dituzte hurrengo hizlarien izenak: Joseba Sarrionandia, Garazi Hach Embarek eta Felix Zubia. Hitzaldien aurretik, gosari-tertuliak egiten jarraituko dute.

Urrian hasi zuen ibilbidea Oñatiko Esperientzia Gelak, Goienagusirekin batera, eta lehen hiruhilekoak izan duen erantzun ona ikusita jarraipena izango duela jakinarazi dute astean bai Goienagusiko bazkideek baita Udalak ere. "Balorazioa oso ona da. Antolatu dituzten hitzaldien maila, adibidez, oso altua izan da, batetik.Bestetik, hitzorduen aurretik egoten den gosari-tertuliak bere garrantzia eta pisua duela pentsatzen jarraitzen dugu, joaten direnen arteko harremanak sortzeko, eta horri ere eutsiko diogu", esan du alkateak, Izaro Elorzak.

Santa Anan dira hitzaldiak

Egitasmoak Oñatin arrakasta izan duela gaineratu du Goienagusiko presidenteak, Rosa Urretak: "Egun 218 bat bazkide gara eta horietatik 17 inguru dira oñatiarrak. Baina hasieran lauzpabost besterik ez ziren, beraz, interesa badagoela ikusten dugu". Lehen hiruhilekoan egindako hitzorduetan, Angel Chamorro neurologo oñatiarrak iktusari buruz egindako hitzaldia izan da jendetsuena. "Bete egin zen Santa Ana, eta online ere beste 53 lagunek jarraitu zuten", Goienagusiko bazkide den Jesus Mari Ugartek adierazi duen moduan.

Bigarren hiruhilekoan Joseba Sarrionandia, Garazi Hach Enbarek eta Felix Zubia etorriko dira, besteak beste. "Baina tailerrak eta irteerak ere egingo ditugu eta nik hor jarri gurako nuke indarra, harremanak sortzeko espazio egokiak dira eta", nabarmendu du Urretak.

Telefonoan egitaraua

Bazkideen kuota da Goienagusiren sostengu nagusia. 80 euro da ikasturte osoko kuota baina urtarriletik aurrerakoa bakarrik ere ordaindu daiteke; 56 euro da hori. Oñatikoak doan izango dira herritarrendako, baina Arrasaten eta Bergaran egiten diren hitzaldietara, bazkideak bakarrik joan ahal izango dira; irteeretara, esaterako, bazkide ez den lagun batekin ere joan ahal izango dira.

Sarean, www.goienagusi.eus helbidean du Goienagusik jarrita informazio dena, zer, non eta noiz. Oñatiko Udalak, baina, banaketa zerrenda bat egin du, gura duenak telefono mugikorrean zuzenean jaso dezan eskaintza hori. Horretarako, whatsapp mezu bat bidali behar da, "alta" hitza idatziz, telefono zenbaki honetara: 688 74 49 32.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak