Nafarroa Arenatik Zubikoa kiroldegira

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko urt. 4a, 17:33

Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Aitor Mendiluze eta Julio Soto bertsolariak izango dira bihar, eguena, 22:30ean hasita, Oñatiko kiroldegian kantuan, Txinparta Bertso Eskolak gonbidatuta; sarrerak, hamar eurotan Txokolateixan eta Oñati.eus atarian.

Abenduaren 18an Iruñean jokatutako finalean taularen gainean izan ziren bost bertsolari izango dira Zubikoan kantuan: Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Aitor Mendiluze. "Finalaren aurretik lotu genuen saioa eta orduan ez genekien zeintzuk helduko ziren azken txanparaino; argi genuen seikotea nahiago genuela, zortzi bertsolariko saioak baino biziagoak izaten direlako. Arzallus tipo zentratua da, zuzena, ikaragarrizko etorriarekin eta esaerarekin. Lujanbiok betikoa izaten jarraitzen du, bada, merezitakoa hirugarren txapela. Beñat Gaztelumendik ere hamaika sari ditu, baina beti umiltasun handiz. Alaia Martinek lan handia egin du eta aurten, bereziki, hala erakutsi du. Eta Aitor Mendiluze bertsolari segurua da eta transmititzen duena".

Aurrez iragarritako kartelean Sustrai Colina ere bazegoen, baina gaur, eguaztena, abisatu zien antolatzaileei osasun kontuak direla-eta ezingo dela Oñatin izan, eta Julio Sotok osatuko du gaurko seikotea.

Txinpartak proposatutako gaiak

Bertso-eskolako hirukote batek jardun du gaiak prestatzen eta horietako bat izango da ordu eta erdiko iraupena izango duen ekitaldian aurkezle lanetan, Aritz Iza, hain justu.

Sarrera gutxi batzuk

Txokolateixan eta Oñati.eus atarian daude, hamar eurotan, sarrerak eskuragarri. "Gaur, eguaztena 80 sarrera inguru geratzen dira; 500etik gora salduta. Pozik gaude, beraz. Aurten publikoan, urteroko zaleez gainera, jende berria eta gazteagoa egongo delakoan gaude, Txapelketa Nagusiaren eraginez".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak