Manifestazio jendetsua izan da, eta Arregi askatzeko oihuek hartu dituzte herriko kaleak.
"Aste honetakoa oso kolpe gogorra izan da", esanez hasi dute hitzartzea Oñatiko Sareko kideek. Izan ere, Auzitegi Nazionalak fiskalaren helegitea onartu ostean, Joseba Arregi espetxera itzuli behar izan da. Oñatiarrak beteta ditu bere zigorraren hiru laurdenak – 30 urte bete ditu espetxean –, eta senideek azpimarratu dute hirugarren graduan eta baldintzapeko askatasunean egoteko "baldintza guztiak" betetzen dituela.
Oñatiko Sareko kideek adierazi dute "mendekua" dagoela Auzitegi Nazionalak hartutako erabakiaren atzean: "Benetako bakearen bidean eman beharreko pausoa da presoak etxeratzea, etorkizunari minik barik begiratzeko eta ekiteko. Joseba espetxeratzeak izen bat du: mendekua".
Arregiri eta bere senideei babesa helarazi ostean, "lanean jarraitzeko" dei egin diete Sarekoek bertaratutakoei: "Egoera hau gainditzeko denok egin dezakegu zerbait; bakoitzak bere eremutik". Arregi lehenbailehen etxera ekartzeko "ahalegina" egin behar dutela esanez amaitu dute protesta.