Lau taldetan elkartu eta galderei erantzun behar izan diete Oñatiko plazara gerturatu diren euskaltzaleek. "Nolakoa da euskararen egoera Oñatin?", izan da lehenengo galdera, eta, azterketa egin ostean, indargune eta ahulguneak identifikatzeari ekin diote.
Ondoren, euskalkiaz eta euskara batuaz aritu dira; bien arteko zubiak eraikitzeaz, hain zuzen ere. Bakoitzaren esperientziak kontatzeko ere baliatu dute aukera, beraien arteko harremanak sendotuz.
Bukatzeko, Euskaraldia izan dute berbagai: "Balio al du Euskaraldiak euskararen erabilera areagotzeko?". Ondorioztatu dute ekimena lagungarria dela hizkuntza ohiturak aldatzeko, eta Oñatin euskararen osasuna "nahiko ona bada ere", lanean jarraitu behar dutela hori ez galtzeko.