Joan-etorri gutxiko herria da Oñati

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko aza. 29a, 08:24

Herritarrak Oñatiko terraza batean eserita.

Oñatiarrak ez dira asko mugitu azken hogei urteetan, eta Oñatira ere ez da jende asko hurbildu, migrazio mugimenduetako datuek erakusten dutenaren arabera. Biztanleriak, ordea, gora egin du, eta oro har, jaiotzak heriotzak baino gehiago izan dira.

Populazioak gorakada izan du 2001etik 2021era bitartean, Oñatin. 10.565 biztanle zeuden lehen urte horretan, eta iaz, 11.367 ziren. Hau da, 802 herritar gehiago zeuden guztira, eta 7,59 puntukoa izan da igoera.

 

Igoera horretan eragina izan dezakeen faktoretako bat da jaiotza tasa, 2001etik 2016ra bitartean heriotzak baino gehiago izan baitira, 2020an izan ezik. Hala ere, 2017tik aurrera argi dago beheranzko joera, heriotzak baino gutxiago dira.

 

 

Adinari dagokionez, Oñati ere gero eta zaharkituagoa da. 2001ean populazio osoaren %24,46 osatzen zuten 60 urtetik gorako pertsonek, eta 2021ean, %31,96koa zen datu hori. 20-59 urte artekoetan, berriz, ia hamar puntuko beherakada egon da, eta gazteenetan, ia bi puntu igo da datua.

 

 

Migrazio mugimenduak, bailarako beste herri handienekin alderatuta, ez dira nabarmentzekoak izan Oñatin; izan ere, datuek erakusten dute ez dela jende asko joan kanpora, eta alderantziz: kanpotik ez da jende asko gerturatu. Dena den, nabarmentzekoa da 2021ean jaso duela herriak immigrazio gehien.

Egin diren joan-etorri horietako gehienak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa artean eginikoak izan dira immigrazioetan zein emigrazioetan, azken urteetan igo egin den arren Espainiatik kanpoko migratzaileen kopurua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak