Hogeita bat milioi euroko aurrekontu proposamena egin du Udal Gobernuak datorren urterako, azkena baino %11,3 handiagoa. Ezaugarrien artean aipatu ditu KPIaren igoerak orokorrean, eta energia kostuen garestitzeak partikularrean, %9.7 igoera ekarriko diola zerbitzuen gastu atalari, diru laguntza orokorretarako %10-erainoko igoera proposatzen dutela eta 1,7 milioi euroko aurrezki arrunt positiboa izango lukeela proiektuak, "ekonomikoki udalaren egonkortasuna bermatzen delarik". Sarrerei dagokienez, Oñatiko Udalak Europako Next Generation laguntzetara aurkeztutako Natur Eskolaren proiektuak 532.000 euroko laguntza jasoko duela jakinarazi dute Izaro Elorza alkateak eta Xabier Igartua Ogasuneko batzordeburuak Udal Gobernuak landutako aurrekontuen aurkezpenean eta gaineratu kopurua ongietorria izan dela proiektuetara bideratzeko.
Turismo Bulegoaren leku aldatzea
Inbertsioetarako 2,8 milioi euro jasotzen ditu proposamen honek. Horietatik 250.000 euro partaidetzazko aurrekontuetan boto gehien jaso dituzten proiektuetarako izango dira, oraindik zehaztu barik daudenak. Enpresa berrien sustapeneko partida igo egin dute, baita ongizatearen alorrean, pertsonen eskubidea, bizi-kalitatea eta ongizatearen onurarako izango diren hainbat proposamen ere.
Egin asmo dituzten aipatzeko proiektuen artean, egokitzapenak egitea Sancti Spiritus unibertsitatean, Turismo Bulegoa han kokatzeko eta areto nagusia formaziorako eta ikasketetarako gela izateko.
Pump track zirkuitu bat egiteko, kantxa urdineko teilatua konpontzeko, etxez etxeko laguntza zerbitzurako partida handitzeko, irisgarritasun lanak egiteko, Olakuako putzurako exekuzio proiekturako, kultur sormenerako laguntza gehitzeko edo jolasguneei buruz egindako diagnostiko txostenean proposaturiko zenbait esku-hartze gauzatzeko ere gorde dute dirua.
Proposamena oposizioari aurkeztu diotela esan dute eta asmoa dela abenduaren 15ean egingo den osoko bilkuran onartzea.