Joseba Arregiren aldeko manifestazioa, zapatuan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko aza. 23a, 11:41

Joseba Arregi, Oñatiko presoa espetxera itzularazi dute, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak hirugarren graduaren aurka aurkeztutako helegitea Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak, onartu ondoren.

Otsailaren 23an ezarri zioten hirugarren gradua atzera bota diote, eta aste honetako martitzen arratsaldean Martuteneko espetxera itzuli behar izan zuen. Hori salatzeko Oñatiko Udalak adierazpen instituzional bateratua onartu du. "Korporazio denaren izenean egindako adierazpena da. Aurrera eramaten ari diren espetxe politika salatzera dator", dio Izaro Elorza alkateak eta eskatu du legea betetzeko: "Hirugarren graduan egonik eta gainera, zigorraren hiru laurdenak aspaldi beteta zergatik ez legez tokatzen zaion hori ezarri eta ez berriro espetxeratu; hori salatzera gatoz".

Arregiren aldeko elkarretaratzea, atzo

Sare Herritarrak elkarteak deituta elkarretaratzea eta komunikabideen aurreko agerraldia egin zuten atzo iluntzean, eta han ziren Joseba Arregiren senideak ere. "Eskertzea da herri mailan dagoen jarrera. Kondena beteta du eta kalean egon beharko litzateke".

76 urte ditu Arregik, 29 urte daroa kartzelan. Bere zigorra osoki 2026ko abenduan beteko luke, baina senideak ez daude horren ziur. "Asko esatea da hori; halako atzerapenak ikusten ditugunean ez da garbi ikusten aurrerantzean zer izango den".

Zapatuan, 13:00etan, manifestazioa

Arregiren egoera salatzeko Sare Herritarrak elkarteak zapaturako manifestaziorako deialdia egin du eta alkateak ere herritarrei parte hartzeko gonbidapena egin die. "13:00etan deitu da Oñatiko Foruen plazan elkartu eta manifestazio hori egiteko; bide batez nik ere deialdi horretara  animatu gurako nituzke herritarrak oihartzuna ahalik eta handiena izateko".

Atzoko agerraldian azaldu moduan, Joseba Arregiren kasua ez da kasu isolatu bat, orain dela aste batzuk salaketa ezberdinak egin dira-eta Xabier Atristan, Mikel San Argimiro eta Aitor Esnaolaren egoerak salatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak