Logika gailendu da Leintz Arizmendiren eta Realaren artekoan (1-5)

Xabier Urtzelai 2022ko urr. 23a, 19:44

Ohorezko erregional mailako liderrak, Realak, 1-5 irabazi dio gaur arratsaldean Leintz Arizmendiri. Etxekoek lehenengoz jokatu dute Oñatiko futbol zelaian etxeko talde moduan –Mojategi eta Azkoagain tartekatuko dituzte aurten–, eta egiari zor, Azkoagaingo neurriak ondo etorri zaizkio talde debagoiendarrari, Arrasaten gehiago sufrituko zutelako. Logika, baina gailendu egin da: beste maila bateko taldea da Reala. 

Lehenengo zatian Andoni Ezkurraren neskek ondo eutsi diote Realari –Josu Diaz bergararra da talde horretako bigarren entrenatzailea–. Lehenengo 15 minutuetan txuri-urdinak ez dira gehiago izan, eta parean egon dira indarrak. Poliki-poliki, baina, Reala bere nagusitasuna ezartzen joan da: zelaian hobeto kokatuz, eta baloia hobeto mugituz. Horri esker, Realeko ordezkariek birritan zulatu dute Leintz Arizmendikoen atea (0-2). Bigarren zatian gehiago nabarmendu da bi taldeen artean dagoen aldea, eta bereziki alde fisikoan igarri da. Baloiaren atzetik korrika ibili dira etxekoak, eta hori nekagarria da. Lore Etxeandia zen etxekoen erreferentzia aurrean, baina Aretxabaletakoa bakarrik zegoen. Orduan etorri dira Realekoen gainontzeko hiru golak, eta etxekoek ohorezko gola ere egin ahal izan dute.

Jende asko Azkoagainen

Partiduak jende asko erakarri du Azkoagaingo harmailetara. Batetik, Leintz Arizmendin oñatiar mordoa dagoelako, baina baita Realak dituen bi debagoiendarrak ere bertakoak direlako: Maren Arabaolaza eta Ane Isasisamendi. Isasisasmendik –taldeko kapitaina– partidu txukuna egin du, eta baita gola egin ere. Arabaolazak min hartu du aste barruan entrenatzen zebilela –giharretako haustura–, eta hiru aste beharko ditu errekuperatzeko; zoritxarrez, harmailetan jarraitu behar izan du partidua. Partiduko albiste txarrena, baina, Nahia Zamorak eman du. Bigarren zatian irten den Realeko jokalariak bertan behera utzi behar izan du partidua, belaunean min hartu eta gero. Zuzenean eraman dute ospitalera. 

Gizonezkoen ohorezko erregionalean, garaipenik ez

Partidurik irabazi ezinka jarraitzen dute Bergarak, Mondrak eta Aretxabaletak. Eta oraingo asteburuan Aloña Mendik ere ez du irabazi. Mondrak 4-1 galzu zuen zapatuan Zumaiaren zelaian, eta Bergarak 1-1 egin zuen Oiartzunen. Aloña Mendik ere puntu bakarra (1-1) batu zuen Tolosan, eta gaur Aretxabaletak ere berdindu egin du etxean (2-2), Zarautzen kontra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak