Berdegune berrian, puntu bakarra lortu du Aloña Mendik

Imanol Beloki Unamuno 2022ko urr. 16a, 19:30

Oñatiko Aloña Mendi taldeak Donostiako Vasconia taldearen aurkako partidua jokatu du gaur, Azkoagainen. Berdegunea aldatu berri, hiru puntu eskuratu, eta, hala ondo estreinatzeko aukera zuten, baina, azkenean puntu bakarrarekin konformatu behar izan dira. Lehen zatian sartu diete gola etxekoei, eta, bigarren zatian lortu dute berdinketa, Auritz Larrearen golarekin. Horrela amaitu da norgehiagoka.

Partidua hasi aurretik minutu bateko isilunea egin dute; Juan Mari Erostarbe Takolo eta Manu Arregiren izenean. "Juan Marik, hainbat eta hainbat urtez, Aloña Mendiko hainbat sailetan, eta, bereziki, futbol sailean lan izugarria egin du. Manu Arregi, berriz, 80ko hamarkadan futbol taldeko jokalaria izan zen, eta, bestalde, Aloñakoon emakumeen taldeen sorreran protagonista aktibo izan zen", adierazi dute klubetik, biak gogoratuz.

Partiduaren lehen zatian baloiaren jabetza nahiko orekatua izan da bi taldeen partetik. Hala ere, aurkariak gehiago izan dira, zelaian oso ondo kokatuta egon baitira. Lehen zatiko 17. minutuan donostiarrek aurrea hartu dute markagailuan. Vasconia taldeko Lopez de la Callek erdiratu du baloia jokaldi batean, eta Alcaldek aurrea hartu die Aloñako atzelariei, eta buruz 1-0ekoa lortu du. Emaitza horrekin iritsi da partidua atsedenaldira. Bigarren zatian, berriz, oñatiarrak gogoz atera dira zelaira, eta 49. minutuan berdinketa lortu dute. Auritz Larreak baloia eskuratu du area barruan, eta erdiraketa baten bidez atezaina gainditu du.

Jokalari bat gutxiagorekin

Berdinketaren ostean, bigarren zatian, oñatiarrak hobeto aritu dira, eta aukera garbiak sortu dituzte garaipenaren gola lortzeko, baina ez dute asmatu azken jaurtiketan. Partidaren azken txanpan, 86. minutuan, epaileak Oñatiko Danel Niggemeyer atezainari txartel gorria atera dio, eta azken minutuetan, jokalari bat gutxiago zelaian izanda, urduritasuna izan da nagusi. Horrekin batera, David Zaitegi delegatuari ere gorria atera dio, eta, futbol zelaitik ateratzeko eskatu dio epaileak. Zazpi minutuko luzapenaren ostean, epaileak partida amaitutzat eman du.

Gainontzeko taldeak puntu barik

Gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailako gainontzeko talde guztiek ez dute punturik eskuratu seigarren jardunaldi honetan. Bergarak, esaterako, 1-2 galdu du Urolaren aurka; Aretxabaletak 3-0 galdu du etxetik kanpora Añorgaren aurka, eta Mondrak, berriz, 3-2 galdu du Zarautzen aurka. Emaitzak, horrela, sailkapenean bosgarren postuan jarri da Aloña Mendi, eta UDA, Mondra eta Bergara azken postuetan daude hurrenez hurren lau, hiru eta puntu bakarrarekin.

Leintz Arizmendiren garaipena eta Bergararen porrota

Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailan, berriz, 10-0 galdu dute Bergarako emakumezkoek Realaren aurka, etxetik kanpo. Leintz Arizmendik, aldiz, 0-3 irabazi du etxetik kanpora Tolosaren aurka jokatutako partiduan.

Sailkapenari dagokionez, Leintz Arizmendikoak laugarren postuan daude 12 punturekin, eta, aurretik dituzten hiru taldeak 15ekin berdinduta daude. Bergara, berriz, sailkapeneko azken postuan dago, puntu barik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak