Oñatiko jeltzaleek Olaitturiko gunea proposatu dute Musika Eskola berria egiteko

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko urr. 11a, 17:22

Kirol kantxaren heren bat hartuko lukeen 500 metro karratuko hiru solairuko eraikin berria egitea proposatzen dute, eta San Martin auzoa baino kokaleku egokiagoa dela iritzi diote. Musikako Eskolako hainbat eragile entzun ostean egindako proposamena dela azpimarratu dute.

Hedabideen aurreko agerraldia egin dute, gaur eguerdian, Oñatiko EAJko ordezkari Amaia Erostarbek, Angel Biainek, Andoni Altunak, Nerea Altubek eta Marijo Etxegoienek. Olaitturiko gunea proposatu dute Musika Eskola berria egiteko. "Musika Eskolako eragileekin elkartu gara, eta entzundakoak oinarri hartuta egiten dugun proposamena da. Uste dugu San Martin edota Garoa baino kokaleku egokiagoa dela", esan du Amaia Erostarbek.

Olaitturrik kokapen moduan alde dituenak asko direla gaineratu dute jeltzaleek. Kirol kantxaren heren bat hartuta 500 metro karratuko hiru solairuko eraikin berria egitea proposatzen dute. "Horrek erantzuna emango lioke hainbat eragilek espazioaren azaleraren inguruan egindako eskaerari. Gainera, herrigunean dago eta eragile gehienek hori eskatzen dute. Horrekin batera, Oñatiko Udalaren jabetzakoa da lur eremua, eta eraikin berria eraikitzeak aukera emango du nahi bezalako barne-antolaketa egiteko".

Etorkizuneko Musika Eskolarendako eskatutako aretoaz ere egin dute berba jeltzaleek. "Eltzian egindako saioetatik irtendako ondorio txostenean jasotzen da hainbat eragilek 300 bat metroko areto bat eskatu dutela, eta proposatzen dugun eraikin berria egiteak aukera emango luke horretarako".

Abantaila gehiago ere ikusten dizkiote egindako kokapen proposamenari. Alde batetik, inguruaren "berrantolaketa, egokitzea eta txukuntzea" ekarriko luke. "Bestetik, aldamenean daude Agustinoen komentua eta eliza, eta epe luzera aukera emango luke inguru honetan apurka-apurka kulturagune bat sortzeko".

 
San Martin baino leku "aproposagoa"

 

Oñatiko jeltzaleek ez dute zalantzarik; San Martin baino leku aproposagoa da Olaitturri. Uste dute badituela gainditu beharreko puntuak, baina guztiak konpondu daitezkeela benetako borondatearekin. "Erreka oso hurbil dago eta begiratu beharko litzateke Ura Agentziak zer dioen. Oñatiko Alde Zaharra izanik Gipuzkoako Foru Aldundia ere kontsultatu beharko litzateke, eta ziurrenik egitasmoak eskatuko du Herrigunea Birgaitzeko Plan Berezian egokitzapenak egitea. Baina San Martingo lur eremua libre utziko litzateke etorkizunean aurreikusten diren gizarte zerbitzuen alorreko premiei aurre egiteko, eta uste dugu hori ere oso garrantzitsua dela herriarendako".

Jeltzaleen esanetan lortu beharreko baimen eta araudi aldaketek ez lukete zertan proiektua asko atzeratu behar. "Bederatzi bat hilabete gehiago? Uste dugu aipaturiko abantaila guztiak kontuan hartuta eta prozesuak azkartzeko benetako borondate politiko apur batekin kontuan hartzeko proposamena dela Olaitturri".

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak