Amaia Diaz de Monasterioguren nutrizionistaren arabera, ongizaterako eta osasunerako "funtsezkoa" da naturarekiko errespetua. Horretaz jabetzeko, abian da proiektu bat: ikasturtean zehar hainbat tailer egitea da Diaz de Monasterioguren, Amaia Ayerbe eta Oñatiko Natur Eskolako kideen asmoa. Lehenengoa egin dute gaur, zapatua, eta hidratazioaren garrantzian jarri dute arreta.
Hainbat lanketa egin dituzte bertaratu direnek. "Bizipenak ere landu nahi ditugu; gaurkoan, errekara joan gara", azaldu du Amaia Ayerbek. Errekak elikadurarekin eta ongizatearekin duen lotura aztertu dute saioan, besteak beste. "Ongizatearen oinarri garrantzitsua da elikadura, baina baita hidratazioa ere. Ikusi dugu kalitatezko ura edukitzeko, errekarentzako, ezinbestekoa dela basoa eta biodibertsitatea", gaineratu du.