Final politak eta lehiatuak jokatu dituzte pilotariek gaurkoan Zubikoan. Lehenengo gazteen txanda izan da: Oihan Etxeberria eta Arkaitz Gabirondo, Ugaitz Amundarainen eta Jonan Peñalverren aurka lehiatu dira: azken emaitza 22-10 izan da Etxeberria eta Gabirondoren alde. Partidu nahiko gogorra izan da hasieran, baina ondoren Etxeberriak apurtu du lehia. "Joan egin gera; abiadura sartu du Oihanek eta nik eutsi besterik ez dut egin", azaldu du Gabirondok. Bikote moduan ondo moldatu direla azaldu dute.
Senior mailan: 22-19
Bigarren lehia senior mailakoa izan da. Oier Ariztegi eta Antton Apezetxea urdinez irten dira eta Iker Egiguren eta Ekain Lizeaga gorriz. Hasiera berdindua izan den arren –5-5–, berehala zabaldu dute tartea urdinek –5-14–. "Eurek tarte handia atera digute, eta gugan konfiantza falta igarri egiten zen. Ondoren, guk hartu dugu konfiantza eta aurrea egin dugu", azaldu du Egigurenek. 9-0ko partziala eginda 14-14 berdintzea lortu dute eta hortik aurrea nahiko parekatua izan da lehia.
Aurrean tanto politak egin ditu Egigurenek eta atzean ondo eutsita finala irabaztea lortu du bikote gorriak. Azken emaitza 22-19 izan da.
"Izen handia duen txapelketa da. Jokatzeko deitu zidatenean pozik hartu nuen, eta ez nuen espero inondik inora iritsiko nintzenik eta gutxiago txapela irabaziko genuenik", dio Egigurenek.
Jende asko egon da finalak ikusten
Oso balorazio ona egin dute antolatzaileek: "Jende asko etorri da finalak ikustera. Partidu politak izan dira, lehiatuak eta tanto politak ikusi ditugu". Irail hasieran hasi zen txapelketa, eta zazpi jardunaldi izan ditu guztira.