Laurentino Gil cadiztarra nagusitu da Ireloren jokatutako Espainiako 'Pitch & Putt' txapelketan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko urr. 2a, 17:21

Espainiako Pitch & Putt txapelketako laugarren proba puntuagarria jokatu dute Irelore golf zelaian. Laurentino Gil cadiztarra izan da nagusi; bailarakoen artean, nabarmentzekoa da Gerardo Pagaldai eskoriatzarrak eta Iker Hiriart bergararrak egindako lana.

Espainiako txapelketako laugarren eta azken proba puntuagarria jokatu dute aste bukaeran Irelore golf zelaian. Atzoko emaitzak eta guarkoak konatuan hartuta, scratch kategorian lehenengo sailkatua izan da Laurentino Gil cadiztarra. 18 urteko gaztea pozik zegoen lortutakoarekin: "Iaz bigarren postuan geratu nintzen eta aurten lehenengoa lortu dut. Pozik nago egindako lanarekin".

154 punturekin amaitu du lana, bigarrenarekin berdinduta, baina handicap-a kontuan hartuta, Gili eman diote garaipena. Bigarren izan da Jose Maria Ortiz de Pinedo.

Pagaldai bigarren

Handicap sailkapenean, eskoriatzar bat izan da aurrealdean: lehenengo postua Simon Daniel Varelarendako izan da eta bigarrena Gerardo Pagaldai eskoriatzarrarendako. Pagaldai gustura zegoen egindako lanarekin: "Handicap sailkapena bigarren mailakoa dela esan daiteke, baina, bai, gustura nago lortutakoarekin".

Sarituak izan dira, baita, pilota lehenengo jaurtiketan zuloan sartu dituztenak. Francisco Javier Casado, Laurentinoo Gil, Fernando Cabezudo eta Diego Roman, hain zuzen.

Iker Hiriart

Zapatuko lan onaren ondoren gaur lehenengo postuan hasi du jardunaldia Iker Hiriart bergararrak. Hala ere, ez du egun onena izan eta sailkapen orokorretik kanpo geratu da, 158 punturekin. "Ondo jokatu dut, baina ez dut zorterik izan pilota zuloan sartzerakoan", azaldu du txapelketa amaieran bergararrak. Arantzatxoarekin geratu da, beraz, Hiriart.

Sikatearen ondorengo euria

Zelaiaren egoerak zeresana eman du. Hiru hilabetetako sikatearen ondoren, eguenean eta egubakoitzean botatako urak ze eragin izango zuen jakin nahi zuten. "Egubakoitzean, entrenatzen ibili zirenean oso labainkor zegoen zelaia, baina gaur nahiko ondo egon da", azaldu du gol zelaiko zuzendari Javier Balzategik. Gaur, domeka, parte-hartzaileek bi itzuli egin dizkiote bederatzi zulotako zelaiari.

Parte hartu duen hirugarren debagoiendarra Montserrat Lizarralde oñatiarrak izan da; Lizarraldek 197 puntu egin ditu. Ignacio Peñin bergararra gaur ez da txapelketara aurkeztu.

Pozik egindakoarekin

Sari banaketa ekitaldian izan da Euskal federazioko presidente orde Asun Ugalde, Espainiako federazioko kide Fernando Mata eta Enrique Losa epaile nagusia. "Pozik gaude gure lurretara ekarri dutela txapelketa. Giro ona egin du eta oso ondo antolatu dute. Ea gehiagotan egiten ditugun horrelako txapelketak hemen", azaldu du sari banaketa ekitaldian Ugaldek.

Javi Balzategi ere pozik zegoen: "Zelai txikia da, eta berezia, irregulartasun handiak dituena. Kanpotik etorri diren jokalariendako erakargarria da hori; ez daude horrelako zelaietara ohituta. Oso ondo joan da dena, pozik gaude".

Gainera, Irelore elkarteko kideek paella erraldoia egin dute jokalariendako, "horrelakorik ez da beste zelaietan ikusten" zioten, pozik.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak