Oñatiarrek 5-2 menderatu dute Urola

Mireia Bikuña 2022ko urr. 4a, 09:59

Golak, penaltiak eta txartel gorriak izan dira Eztalan jokatu den partiduan. Txantxikuek bi penalti izan dituzte alde (lehen huts egin dute) eta txartel gorriak Zumarragako entrenatzaile-laguntzaileak eta delegatuak ikusi dute. 

Partidu gogorra jokatu dute Aloñak eta Urolak, Antzuolan. Ondo ezagutzen dute elkar bi taldeek, eta jakin bazekiten lehia borrokatua izango zela. Kontaktu handikoa. Baina, Aloñak segituan ipini du markagailua alde, bigarren minutuan Carlos Odriozolak sartutako golari esker. Ez hori bakarrik, 20. minutuan abantaila handitu du. Berriro Odriozola izan da golegile, korner erdiraketa baten osteko errematearekin. Gol horrek min egin dio Urolari. Are gehiago, kornerra eragin duen jokaldia, Zumarragako atezainak desbideratu duen penaltia izan denean.

Bi goleko errentarekin, Gari Nuñezen taldeak, partiduaren kontrola hartu du, eta saiatu da erasoak ondo antolatzen. Baina, atsedenaren aurretik, 34. minutuan, Beñat Peraltok Urolarendako lehen gola sartu du; eta aldageletatik bueltan, 53.ean, berdinketa lortu dute.

Berdinketarekin, zalantzak izan ditu Aloñak, baina, baita gol aukerak ere. Hala, asko itxaron barik, 61.ean, hirugarrena sartu du Gorka Irizarrek, lehia oso bideratuta utzita.

Hainbat aldaketa egin dituzte bi entrenatzaileek, eta emaitza hobea lortu du Nuñezek. Aulkitxotik irten diren bi jokalarik, Gari Galdosek eta Iñaki Alonsok, sartu dituzte laugarren eta bosgarren golak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak