Eredugarri izateagatik, Oñatiko Natur Eskolan aurkeztu du Jaurlaritzak Asteklima

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko ira. 23a, 18:11

Datorren domekara bitartean, 200 ekintzatik gora egingo dira erkidegoan Asteklima –Euskadiko Klima eta Energiaren Astea– barruan. Tailerrak, hitzaldiak, ikuskizunak, bisitak, hondakin bilketak… askotarikoak izango dira, publiko orokorrarentzat batzuk, zehatzarentzat beste batzuk, energia- eta klima-trantsizioaren arloetan kontzientziatzea eta mobilizatzea helburu. Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundeak, IHOBEk eta udalek eta toki-erakundeek sustatutako ekimena da.

EEEko zuzendari Iñigo Ansolak adierazi du Asteklimaren aurtengo edizioak "aparteko esanahaia" duela: "Alerta energetikoan gaude, garai zaila da energiaren kostuagatik eta horren ondorioengatik. Testuinguru horretan, denok hartu behar ditugu erabakiak, energia aurreztu behar dugulako".

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak adierazi du, norbanako zein erakunde, denon ekina dela beharrezkoa: "Ez dago aitzakiarik txikiak garelako edo ekintza txikia delako, txiki askok egiten dute handi bat".

Asteklima barruan bi ekintza izango dira Oñatin, eskualdeko bakarrak: martitzenean, hilak 27, Oñatiko Natur Eskolara bisita izango da goizean erkidegoko udaletako teknikariei zuzenduta; arratsaldean, berriz, Olateko zentral hidroelektrikoa ezagutzeko aukera egongo da. 16:00etan izango da hori, eta publiko orokorrarentzat.

Asteklimaren aurkezpena baliatuta, energia- eta klima-trantsizio prozesuak bizkortzeko Jaurlaritzaren programa berriaren gainean ere jardun du sailburuak: "Udalei, mankomunitateei, kuadrillei, garapen agentziei eta beste tokiko-erakundeei zuzendutako programa da. Laguntza teknikariak bideratuko ditugu; trebakuntza eta formaziorako behar diren baliabideak, baita ere; klima aldaketaren eta energiaren arloko zerbitzu eta tresnak kontuan izanda, karta zabal bat prestatu dugu, eta hori eskaintzea dugu helburu. Pilotaje eta jarraipen lana ere egingo da".

Honekin batera, Klimametrajeren, gazteentzako film labur lehiaketaren, berri ere eman dute.

Agerraldiaren aurretik Oñatiko Natur Eskolara bisita egin dute Udaleko ordezkariek lagunduta. Natur Eskolan egindako lanengatik eta azpiegiturak dituen ezaugarriengatik zoriondu egin du Tapiak Oñatiko Udala. Izaro Elortza alkateak Udala iraunkortasun arloan urteetan egiten ari den lana azpimarratu eta pozgarri jo du beste batzuek eredutzat edukitzea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak