Taberna, 40 bat lagunendako jatetxea eta hiru apartamentu ditu erabilgarri garai baten nesken eskola izandakoak, apartamentu horietako bat egokitua. Itziar Mondragon Azkarragak kudeatuko du zerbitzua. Arrasatearrak, ilusioz beterik ekin dio garai berriari: "Pozik eta urduri nago, izan ere, guretzat dena da berria. Ni beti oso kaletarra izan naiz eta orain hemen nago, Araotzen. Baina oso pozik nago, horrelako zerbaiten beharra nuen".
Urte askoko lanak eman ditu fruituak eta atzo ikusi ahal izan zuten auzotarrek emaitza hori. Araoztarrez gain, han izan ziren EAJko zein EH Bilduko ordezkariak ere. Proiektuaren hazia erein zuten Koldo eta Luis Zumaldek eta German Urkiak egin zituzten zinta mozketa lanak. Behin izan zuten ametsa beteta ikusirik, pozik ziren hirurak: "Aspaldikoa den premia bati erantzuera dator ostatua. Premiarik ez balego ez genuke egingo, baina, jende asko etortzen da Araotzera eta bazegoen beharra".