Iritzi ezberdinak Oñatiko banderak izango duen irudiari buruz

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko uzt. 22a, 13:14

Oñatiko banderak izango duen irudia onartu zuen udalbatzak atzo egindako uztaileko osoko bilkuran. San Andresen gurutze gorria kentzearen alde egin zuen EH Bilduk. EAJk, ordea, eusteko arrazoiak badaudela adierazi zuen.

Oñatik bandera izango du aurrerantzean –orain artekoa estandartea zen– eta horrek izango duen itxura eztabaidatu zuten atzo egindako uztaileko osoko bilkuran. San Andresen gurutze gorria ezabatzearen alde egin zuen EH Bilduk eta eustearen alde EAJk. 20 egunez  egongo da jendaurrean erabakia eta alegaziorik ezean, automatikoki geldituko da onartuta.

Beste gai batzuen artean, Arantzazu auzoko ur hornidura sistema hobetzeko Oñatiko Udalaren eta Gipuzkoako Ur kontsortzioaren arteko hitzarmena onartzea ere erabaki zuen udalbatzak; aho batez hori. Arazo bera duten herriko beste auzo batzuetan ere arazoa konpontzeko lanak egiteko konpromisoa hartu zuen, era berean.

Bukatzeko, mozio bana aurkeztu zuten udalbatza osatzen duten alderdi biek Osakidetzako sistema publikoaren funtzionamenduari eta indartzeari buruzkoa. EH Bildu kritiko agertu da funtzionamenduarekin, murrizketak egon direla eta herri batzuetako osasun zentroak itxi ere egin dituztela esanez, eta sistema publikoa indartzeko eskatu du. EAJk, bestalde, egungo antolakuntzarekin eta kudeaketarekin jarraitzea eskatu zion osasun sailari. Eztabaida sortu zuen euren artean gai horrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak