Ibilitako bideari begira

Beñat Alberdi Igartua 2022ko eka. 29a, 18:34

Amaia Kerexeta, Oihaneder Euskararen Etxeko komunikazio arduraduna, Montehermoso eraikin aurrean.

Zortzi urtez eskaini ditu Oihaneder Euskararen Etxeak kultur ikuskizunak, zein kulturgintza sustatzeko formakuntzak eta programak. Bihar, ekainaren 30a, etengo du jarduna, Liher eta Lamiak taldeen kontzertuekin. Hona PUNTUAko ekainaren 24ko alerako egindako erreportajea. Eta ostiralero PUNTUAko eduki guztiak sarean edota paperean irakurri nahi badituzu, egin zaitez kide!

Zortzi urtek luzerako ematen dute, ordea, esperientzia pilatzeko, besteak beste, eta Lazarraga Kultur Elkarteak, hots, proiektuaren sustatzaileak, ez zuen Oihaneder abiarazi itxiera batek dena bukatu zezan.

Denboran atzera egiten hasita, 1995era jo behar da. Izan ere, Kafe Antzokia sortu zuten urte hartan Bilbon. Gasteizen ere antzeko zerbait egiteko mugitzen hasi ziren, kulturagune bat euskara eta kulturgintza bultzatzeko.

Berez, ideia forma hartzen 2012an hasi zen, Kafe Antzokiaren aldeko plataforma bat sortu zuten eta. Plataformak erabaki zuen Lazarraga Kultur Elkartea eratzea, egungo proiektuen eratzaile eta sustatzailea. "Elkartearen helburua zen euskaran eragingo zuen proiektu bat sortzea", azaldu du Amaia Kerexeta oñatiarrak, egun Oihanederko komunikazio arduradunak eta Lazarraga Kultur Elkarteko kideak. "Bi hanka ikusi zitzaizkion. Alde batetik, Oihaneder Euskararen etxea", eta, bestetik, Gasteizko Kafe Antzokia".

Zortzi urteotako zenbakiak

2014ko urriaren 15ean inauguratu zuten, eta 66.500 erabiltzaile baino gehiago batu dira antolatu dituzten 900 bat jardueretan. 10.000 lagun inguru bertaratu dira urtero. Zortzi urtean lortu dute erreferentzia izatea Euskal Herrian eta, bereziki, Gasteizen; eta horren erakusle da azken urteetan jaso dituzten 400 ikuskizun eskaintza inguru. Oihaneder ez baita kultur formatu jakin batera mugatu. Denetarik eskaini dute: kontzertuak, poesia errezitaldiak, aurkezpenak...

Erakusleiho bat izan da, azken batean, baina ez ezagunak diren eta plazarik plaza ibiltzen direnentzako bakarrik. Etiketa hori motz gelditzen zaio, dena den, erakusleiho izatetik harago jo duelako. "Sortzaileekin lan egin nahi izan dugu, eta azken urteetan aritu gara eurekin lanean", nabarmendu du Kerexetak. Kultur sortzaileek izan zitzaketen beharrak aztertu eta horiei erantzuten saiatu dira. Esaterako, lehenengo musika diskoa grabatzeko lehiaketa jarri zuten abian. "Zein behar dauzkate? Akaso, ez daukate non entseatu; bada, lagundu diezaiegun horretan".

Ekosistemako hutsuneak osatzen

Formakuntzak eskaini dituzte baita ere. Kasu horretan ere, beharrak aztertu eta beharretara egokitutako eskaintza bideratu zuten. "Ezberdintzera etorri behar duzu, hutsuneak betetzera". Adibide gisara jarri du oñatiarrak ipuin kontalarien kasua. Gizarte etxe sare zabal bat dauka Gasteizek, eta ohikoa da haurrentzako ipuin kontalariak antolatzea. "Beharra aseta badago, ez
gara gu hor sartuko".

Horrek ez du esan nahi gainontzeko eragileekin elkarlanik ez daukatenik, guztiz aurkakoa baita Oihanederren filosofia: egin duten lanaren %60 elkarlanean izan da. Beste kultur taldeek abian zeuzkaten zikloetan lagundu dute, adibidez, tokia behar bazuten tokia eskainiz, kasurako. "Gure balioetako bat izan da elkarlana. Ekosistema horretan elkarlana sortu eta ikasi eta aberastu".

Egoerara egokitzen jakin

Beharra identifikatu eta beharra asetzeko bitartekoak eskaini dituzte, azken batean, eta publikoarengan ere jarri dute arreta. "Horrelako proiektu batean komeni da jakitea nori zuzentzen
diozun", gaineratu du
komunikazio arduradunak. "Azkenean, ez da berdina eskaintzea familia bati haurrak euskal arnasguneak izan ditzan tailer bat edo 45 urte pertsona bati espazio bat".

Atzean gelditu dira publikoa bakarra eta uniformea ziren garaiak eta Oihanederrek jakin du egoerara egokitzen. "Eskaintza asko aldatzen joan da urtetik urtera", esan du Kerexetak. "Probatu egin da, huts egin dugu eta egokitu gara". Aztertu egin dituzte zer antolatu duten, nori zuzenduta zegoen eta zein emaitza izan duen. "Azken urteetan gehiago sartu gara kontu horietan. Inkesta eta galdeketa gehiago egin ditugu".

Ekain bukaeran ateak itxiko ditu Oihanederrek; ez, ordea, Montehermoso eraikinak, ez dira bera eta. Garbi dauka Kerexetak hartu beharreko erabakia zela: "Oihaneder Euskararen etxea eta Kafe Antzokia batera kudeatzea ezinezkoa zen".

Uztailean edo abuztuan bukatuko dituzte antzokiko eraikineko obrak. Oraindik puntu asko dauzka ixteko. Esperientzia eramango dutela garbi dauka Kerexetak: "Gu heldu gara honaino. Ekainaren 30ean itxi egingo da Oihaneder. Proiektuak, ordea, jarraitu egingo du eta gure jakintza hara joango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak