Festa eta aldarrikapena Antixenaren X. urteurrena ospatzeko

Maider Arregi 2022ko eka. 18a, 14:28

Astebarruan, hitzaldiak, liburu aurkezpenak edota kontzertuak egin dituzte Antixena gaztetxearen 10. urteurrena ospatzeko. Gaur eta bihar artean, makina bat ekintzek emango diote jarraipena aste barruko egitarauari. Inma Martin gaztetxeko asanbladako kideak gaur arteko balorazio ona egin du: "Bazkarirako 250 lagun inguru izango gara, eta festa giroan ospatuko dugu gaurko eguna. Astebarruko ekintzek gainera, harrera ona izan dute eta parte hartzea ona izan da. Bihar, domeka, kontzertuekin borobilduko dugu".  

Abenduan betetzen dituen arren Antixenak 10 urte, Oñatiko gaztetxe mugimenduak lau hamarkada beteko ditu aurten. Bi urteurrenak elkarrekin  ospatzen dihardutela gaineratu du Martinek. "Abenduan, dena dela, herriko gaztetxe mugimenduaren jasoko duen erakusketa bat egitea dugu asmo". Hala, belaunaldi ezberdinetako lagunek elkarrekin, pikua landatu dute gaztetxe aurreko berdegunean. Ondoren, gaztetxeko sarreran dagoen egurrezko taila aldatu dute eta handiagoa den beste bat jarri. "Gaztetxea herriko beste eragile bat gehiago da gaur egun. Azken urtetan, bereziki pandemia sasoian, herrian eragiteko eta geure aportazioak egiteko gai garela erakutsi dugu. Horregatik, herriko gazte ororendako ateak irekita ditugu; egubakoitzero 18:00etan elkartzen gara eta proposamen oro da ondo etorria".

 

Egonkortasunaren sasoia

Gaztetxeen mugimenduak sasoi ezberdinak bizi izan dituela garbi ikusten dute egungo Gazte Asanbladako kideek, eta aurreko belaunaldietako gazteek egindako lana eskertu gura dute. "1982an egin zuten lehen okupazioa orduko gazteek Olaitturriko eraikina hartuz. Gauzak apurtzeko eta dauden aukerak ikustarazteko mezua zabaldu zuten haiek, indarra. Lau bat urteren buruan itxi zuten, eta, urte asko gaztetxe barik egon ostean, Kasablankakoa okupatu zuten 2005ean, bederatzi astera bota zutena. San Martingoa hartu arte jardun zuten orduko gazteek eta haien borroka eredugarria izan da. Beste geldialdi baten ondoren etorri zen Antixena, eta hamar urte hauetan egonkortasuna lortu dela uste dugu. Herriko beste eragile bat da, normalizatua dago haren erabilera. Askoren topagunea da. Adin eta interes askotariko jendea batzen da eta aberasgarria da hori. Edonor etor daiteke eta buruan duen ideia edo proiektua proposatu. Egubakoitzetan, 18:00etan, egiten ditugun asanbladak dira horretarako espazio egokiak, eta herritar guztiak animatu gura ditugu horretara", diote gaztetxeko kideek.

Oñatin ez ezik Euskal Herrian ere Antixena gaztetxea erreferentziazko gune bihurtu dela gaineratu dute kideek. "Musikan arloan, adibidez, talde asko pasa dira hemendik eta askok izaten duten Antixenaren berri".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak