20. urteurrenean, Bilgune Feminista berriro "kaleak hartzeko gogoz"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko eka. 12a, 19:20

Euskal Herriko Bilgune Feministaren topagune izan da Oñati asteburuan. 'Eztandak dardara gaitzala!' lelopean ospatu dute 20. urteurrena. Era guztietako ekintzak antolatu dituzte, eta gaur, herri bazkariaren ostean, Anariren kontzertuarekin eman diote amaiera.

Euskal Herriko Bilgune Feministaren 20 urteko ibilbidea ospatu nahi izan dute, eta horretarako, Oñati hautatu dute. Bi urteren ostean, gogotsu itzuli dira, egitaraua indartuta. Denerako egon da lekua, eta jaiak, hausnarketak, gozamena eta borroka uztartu dituzte. Naia Torrealdai Bilgune Feministako kidearen hitzetan, "ilusio handiz heldu gara kaleak hartzeko eta indarrak biltzeko".

Zapatu goizean hasi ziren mahai inguru ibiltariarekin, eta arratsaldean ere tailerretan, mahai inguruetan eta bestelako ekintzetan parte hartzeko aukera egon zen. Gau aldera, kontzertua eta jai giroa izan zen nagusi. 

Torrealdaik adierazi duenez, balorazioak egiteko "goiz" da, baina atera duten ondorioetako bat da mugimendu feministako kideak "gogoz daudela kaleak hartzeko, elkartzeko, gure proposamenak publiko egiteko eta interpelaziorako, Euskal Herria feminista hori eraikitzeko berriro". Proposamen horiez galdetuta, esaterako, indarkeria matxistaren aurkako eta zaintza sistema publiko komunitarioaren aldeko proposamenak dituztela adierazi du: "Oraindik asko dago egiteko, bai kalean, bai komunitatean, baita instituzioetan ere".

Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorri dira Oñatiko topaketara. Bertaratu direnak "gustura" agertu dira; "halako lekuak beharrezkoa direla" gaineratu dute. 

Etorkizunera begira, hauxe dio antolakuntza taldeko Elene Lopetegik: "Espero dezagun beste hogei urte edo gehiago betetzea. Hemendik aurrera eguneroko lanarekin jarraituko dugu, orain arte egin dugun bezala; antolakuntza eta borrokaren bitartez, Bilgune Feminista bultzatzen eta indarra ematen".

Erlazionatuak

Bilgune Feministaren topaketa Oñatin

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022 eka 12 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak