Maiatzaren 15a ez du berehalakoan ahaztuko Mikel Santiagok: egun hartan egindako profesio nagusiarekin, bizitza osorako fraide frantziskotar izango da. Uztailetik bizitoki duen Arantzazuko Santutegian izan zen ospakizuna.
Zela oroitzen duzu maiatzaren 15a, zure profesio nagusiaren eguna?
2016an egin nuen profesio txikia; hau da, nobiziatua egin ostean, fraide bihurtzea. Baina hori urtetik urtera joaten da berritzen, momentu batean bizitza osorako bihurtu arte. Eta horixe da egun hartako ekitaldiarekin egin nuena. Elizkizun polita izan zen: inguruko fraideak etorri ziren, formakuntza prozesuan Murtzian nirekin egondako beste gazte batzuk, familia, Soraluze eta inguruko lagunak... Erritua ezkontza bat bezalakoa da: galdetegi bat egin zidaten; formula bat irakurri nuen; eta bukaeran, anaiarteak kide moduan onartzen nauen seinale, aldarean zeuden fraide guztiei besarkada bana eman nien. Txistulariak ere etorri ziren Soraluzetik, eta errituaren ostean, organoarekin batera, Baratze bat jo zuten. Jo zuten moduagatik eta uneagatik, hunkigarria izan zen oso; uste dut melodia hori beti bihotzean eroango dudala. Oso eskertuta nago jende guztiak eman didan babesagatik.
"Zurrunbilotik aldendu eta uko egiten diogu kontsumismoan oinarritutako bizimoduari"
Ohikoa da 48 urterekin bihurtzea fraide?
Ez. Umetan, OHOko 7. eta 8. mailak Arantzazun egin nituen, eta gero, beste lau urte egin nituen Foruan, frantziskotarrekin ikasten. Esango nuke nolabaiteko hazia geratu zitzaidala barruan; besteak beste, Arantzazurekiko maitasuna, horrek esan gura duenarekin: natura; artea; euskararen inguruko guztia; fedea, jakina... Hori guztia barruan geratu zitzaidan, baita kristau sinismena ere. Baina gero, laga eta beste bide bat hartu nuen: Zuzenbidea ikasi eta hortik bideratu nuen nire ibilbide profesionala. Baina norberak ikusten duenean ez duela bizitzan lekua topatzen eta zurrunbilo azkar batean bizi dela... Momentu batean hasi nintzen pentsatzen ea nik nahi nuen bizitza ari nintzen bizitzen ala inertziagatik ari nintzen; kristau ikuspuntutik irakurketa izango litzateke ea Jainkoak niretzat zuen bizitza egiten ari nintzen ala ez. Hausnarketa prozesu batean sartu nintzen, lan eta bizi Gasteizen egiten nuenez hango frantziskotarrengana gerturatzen joan nintzen, eta, modu naturalean, barruko senari jarraituz eta, akaso, lehen aipatutako hazi horren oroitzapenean oinarrituta, frantziskotar bizimodua hartzera eta anaiartean bizitzera eraman nau bideak.
Abokatua, politika munduan ibilitakoa... Aldaketa handia izan da, ala?
Bizimodu ezberdina bada, bai. Baina guztia norberaren bizitzako ibilbidearen zati da, ez aurreko bizimoduarekiko apurketa bat. Ezberdina da, anaiarte batean bizitzen zentratuta nagoelako, kristau bizitzaren testigantza bat eman nahian. Baina aurretik egindako gauzak baliagarriak izan dira honaino heltzeko, pertsona moduan naizena izateko. Dena den, fededunak izan ala ez, denok bila ari garela esango nuke; bilaketa prozesu horretan ikusi nuen aurretik nuenak ez ninduela betetzen eta oraingo bide honetatik bizitza beteagoa izateko aukera dudala. Itxaropen horrekin bizi naiz.
"Askorengan dimentsio espiritualaren berpiztea dagoela sumatzen dut"
Nola hartu zuten zure erabakia ingurukoek?
Askorik ez ziren harritu, Elizatik gertu edo urrun egon, beti erakutsi dudalako fededuna naizela. Egia da nire inguruan jende askok ez duela sinesten, edo Elizatik urrun dagoela, eta errespetatu arren, jende horri ez zaio erraza izan nire erabakia ulertzea. Hasiera batean, neuri ere kosta egin zitzaidan esatea; Soraluzeko Udalean nengoen prozesuan sartu nintzenean, eta, erabakia hartzean, poliki- poliki joan nintzen esaten. Oinarri gabeko beldurrak dira, baina beti dago jendeak hartuko duen moduari buruzko zalantza. Kontatzen hasita, baina, ikusi nuen jendeak ez zuela gaizki hartzen eta animatu egiten ninduela.
Norbait apaiz edo moja sartzen denean, uko egiteaz hitz egiten da. Horrela bizi izan duzu zure erabakia?
Ez. Gauza batzuk atzean lagatzen dira, baina bizitzako beste edozein aukeratan bezala. Pertsona batekin ezkontzen denak beste batzuekin ezkontzeari uko egiten dio. Gu ez gara ezkontzen, baina anaiarte batean bizitzeko aukera egiten dugu, eta, ondorioz, uko egin behar diegu bikote harreman bati, familia bat eratzeari... Baina, kristau irakurketatik, ez dut uko egitea moduan ikusten, Jainkoaren eskakizuna jarraitzearren egindako aukera bat bezala baizik. Mundu honetako zurrunbilotik aldendu eta uko egiten diogu kontsumismoan oinarritutako bizimoduari. Bizitzeko beste modu baten testigu gara frantziskotarrak. Gaur egun, jendea lanari lotuta bizi dela ikusten dugu, pentsatzeko asti barik eta pentsatuaz gauzak pilatzeak, edo oporrak izateak, bete egingo duela. Gure sinesmena da oinarrizkoagoak diren gauzak daudela eta horiek ezin direla oztopo izan norberaren sakoneko bizimodua eroateko.
Nolakoa da zure egun bat Arantzazun?
Otoitza oinarrizko zutabea dugu, eta eguna horrela hasten dugu. Gero, anaia nagusiei arreta ere eskaintzen diegu eta goizetan eurekin egoten naiz. Urte askoan Pello Zabala izan zen organo- jolea, baina, zoritxarrez, uste baino lehen joan zenez, domeketako mezetan organoa jotzeko ikasten ere banabil. Gradua badudan arren, Teologiako beste maila bat ere ari naiz online ikasten. Eta beste hainbat kontu ere badaude: Gogartetxean daudenen beharrei erantzutea; Elkarrekin bila izeneko esperientzia sozial bat ere badugu, bazterkeria egoeran dagoen jendeari laguntzen dioten GKEekin... Horretaz gain, horrelako etxe handi batek eskatzen dituen mila kontu ere badaude; ez dago aspertzeko astirik!
Asteburuan hil da Joseba Etxeberria; otsailean Pello Zabala; 2017an, Iñaki Beristain. Hirurak ere, askorentzat, Arantzazuko anaiartearen aurpegiak. Zein da une honetan Arantzazuko argazkia?
Pertsona garrantzitsuak ziren Joseba, Pello eta Iñaki, lan handia egin eta hutsune handia utzi zutenak, baina gurea anaien arteko lana da eta lehen egiten zenari eutsi diogu. Une honetan 20 anaia gaude Arantzazun: gazteena, ni; 60 urteen bueltan daude lauzpabost; 70 urte baino gehiago izan arren lanean dabiltzanak ere badaude; eta, azkenik, nahiko nagusiak izanik ezinduta daudenak ere baditugu. Erraza ez izan arren, Arantzazuk egiten duen eskaintzari eusteko moduan gaude, momentuz. Baina ikusten da murrizte sasoian gaudela eta egoerara moldatu beharko dugula: anaiarte txikiagoak egin, beste era bateko eskaintza egin... Batez ere, gure bizitza testigantza izateari eman behar diogu garrantzia: bizimodu alternatibo baten testigantza izan; horrela bizitzera zerk eraman gaituen eta gure fedearen arrazoia zein den azaltzen jakin; eta harrera izan. Jende askok darama Arantzazu bihotzean, historian zehar ere harrera-lekua izan da eta aurrerantzean ere saiatu behar dugu bila dabilenarendako horixe izaten. Nabarmena da erlijio erakundetuarekiko urruntzea dagoela gizartean, baina askorengan dimentsio espiritualaren berpiztea dagoela ere sumatzen dut. Jendea bila dabil, eta badago Arantzazu bezalako lekuetara joateko joera. Horrelakoetan harrera ona egiten jakin behar dugu, entzuten jakin eta jendeak duen egarri horri zela erantzun ikusi.
"Badirudi eliza kritikatzeko moda bat dagoela, doaneko barra antzerako bat"
Elizaz asko hitz egiten da, eta, gehienetan, ez onerako. Zelan ikusten duzu azken urteetan izandako ibilbidea, eta zein izan beharko luke Elizaren eginkizunak?
XX. mendean izan zen aldaketa handi bat, 60ko hamarkadako Vatikanoko II. kontzilioa. Asmoa zen Eliza gaur egungo mundura egokitzea, egungo gizon-emakumeei entzun eta neurri horretako Eliza egitea. Ordutik 50 urte pasatu dira eta bide motela egin dela uste dut; aldaketa batzuk egin diren arren, seguru oraindik ere bide luzea duela Elizak egungo mundura egokitzeko lanean. Beste arrazoi batzuengatik, baina gure gune konkretuan Elizarekiko jarrera oso kritikoa da. Eta batzuetan kritika horiek ulertu daitezkeen arren, badirudi moda bat dagoela, doaneko barra antzerako bat. Egon dira gaizki egindako gauzak. Sexu abusuen inguruan asko hitz egiten da, eta hor argi azaldu behar dira egondako kasu guztiak: aztertu eta epaitu egin behar dira; jasan dituztenei ahal denean erreparatu eta argi esan gizarte batean hori ezin dela onartu. Are gutxiago, Elizan: Jainkoarekin dugun gertutasunarekin eta plazaratzen dugun mezuarekin erabat kontraesankorra da horrelako gauzak gertatzea. Horretan zintzo jokatu behar dugu, gizon- emakumeak garela esanaz, gaizki egindakoak aitortuz eta ondorioak onartuz. Bestalde, mundu mailan Frantzisko aita santua bada aipatutako kontzilioaren espirituaren berpizkundea: fededunak direnek eta ez direnek ulertzeko moduan hitz egiten du, bizimodu sinpleago baten testigantza ematen du eta uste dut horri eutsi behar zaiola. Eta guk, gure txikian ere, sinesten dugun horren testigantza izan behar dugu: igarri dadila ez horrenbeste predikatzen ditugun doktrinetan edo moral zehatz batean, baizik eta daramagun bizimoduan.
Elkarrizketa hau irakurrita, egongo da pentsatu duenik nola sartu daitekeen bat fraide XXI. mendean. Beste batzuek pentsatuko dute joeren kontra egiteagatik ausarta zarela. Azken mezu bat?
Denon esperientzia da bizitza honetan badaudela entzuten edo ikusten ez ditugun gauzak, gainditzen gaituztenak. Horrek ez du esan nahi denok Jainko batean sinistu behar dugunik. Baina sumatzen dugu, esaterako, maitasunak gainditzen gaituela, edo Arantzazuko parajeek, ikusten dugunaz gain, zerbait gehiago transmititzen digutela. Jendeari esango nioke ahalegindu dadila bizitzaren zentzu sakona bilatzen, zabalik egoten. Behin bizi gara eta merezi du sustraitik bizitzea, bakoitzak bere barruari jarraituz.