Aloña Mendiko Ohorezko Erregional Mailako taldeak aurreko jardunaldian lortu zuen mailari eustea, eta denboraldiko azken partidua jokatuko dute domekan Azkoagainen, Hernaniren aurka. Sasoi honetan ohikoa izaten da taldean bajak egotea hurrengo denboraldira begira, eta, kasu honetan, bost jokalarik, entrenatzaileak eta harekin batera taldean lan egiten duten beste hiruk utziko dute Aloña Mendi.
Bost jokalarik, agur
Lehen mailako taldean hamalau urtez jardun du, esaterako, Josu Juaristi jokalariak. Ibai Morenok Ibarran jokatzen zuen alebinetatik, baita Andoni Egañak, Iñigo Markinezek eta Julen Muruak ere, baina domekan jokatuko dute azken partidua. Guztiek adierazi dute "berezia eta hunkigarria" izango dela. Markinezek hauxe esan du: "Pare bat aste noa buruari bueltak ematen, nire azken partidua izango dela asimilatzen. Sentimendu asko batzen zaizkit: poztasuna, tristura, harrotasuna... Partidu berezia izango da, emozio handikoa".
Muruak gaineratu du "familia" dela Aloña Mendi: "Familia bat sortu dugu. Alde batetik, kategoria txikietan kuadrillakoekin eta lagunekin egiten dituzu urte pila bat, baina gero, lehenengo taldean hainbat belaunaldi elkartzen direnean sortzen dena familia da. Horrek ematen dizu betiko lagun talde bat". Egañak denboraldiaren balorazioa egin du: "Orokorrean, gure helburu nagusia lortu dugu, mailari eustea, baina ez da oso denboraldi ona izan, hasieran geneuzkan gainerako helburuak zeintzuk ziren ikusita. Egia da hainbat taldekideren lesioak izan ditugula, asko luzeak izan dira eta horrek ere gure kontra egin du". Eta Markinezek gelditzen diren jokalariendako hitzak izan ditu: "Futbolagatik gaude hemen, baina familia bat gara; onean eta txarrean edozein dago laguntzeko, eta Aloña Mendi ikaragarria da. Disfrutatzeko esango nieke, eta asko maite ditudala".
Baita entrenatzaileak ere
Endika Ruiz entrenatzaileak ere utziko du taldea. Baita Ai mar Lizarra prestatzaile fisikoak, Gorka Lazkano partiduetako delegatu eta Azkoagaingo laguntzaile eta bigarren entrenatzaileak eta Mikel Aginagalde atezainen prestatzaileak. "Hunkituta eta pozik goaz. Orain dela lau urte hartu genuen gidaritza eta orduko ilusioak eta helburuak beteta goaz", esan du Ruizek.