Aldaketak Oñatiko auzo-konpost guneetan eta zintzilikarioetan

Mireia Bikuña 2022ko mai. 17a, 18:21

Txartel bidezko sistema jarriko dute Oñatiko auzo-konpost guneetan. Sarrera sistema aldatu egingo dute, erabiltzaileei mugatuz barrura sartzeko aukera. Bestalde, esekitokietako beheko lerroak kentzen ari dira, erosoagoa izan dadin ontziak uztea eta hondakinak lurrean uzteko ohiturari trabak jartzeko.

Zazpi auzo-konpost gune daude Oñatin eta aldaketa Errekalde eta Bidebarrieta kaleetako guneetan egin dute, proba moduan. Auzo-konpostaren prozesua hobetzeko pauso berria dela adierazi du Udalak.

Bi gune horietako sarrailak aldatu dituzte dagoeneko eta txartela etxean jasoko dute erabiltzaileek datozen egunetan. Horietan ez ezik, baina, beste guneetan ere egingo dituzte aldaketak, Udalak, auzo-konpost guneen mantenu arrunterako zerbitzua kontratatu baitu, konpostatze prozesu egokia eraman dadin. Zuzeneko jarraipena egin gura dio auzo-konpostari, konbentzituta daudelako hondakinen prebentzioan oso pausu garrantzitsua dela eta prozesua hasi eta bukatu egin gura dute herrian bertan, prozesua “ondo” amaitzeko.

Esekitokietan aldaketak

Bestalde, etxeko hondakinen ontziak eskegitzen diren guneak egokitzen ari da Mankomunitatea Oñatin, Udalarekin batera. Esekitokietako beheko lerroak kentzen ari dira, erosoagoa izan dadin ontziak uztea eta hondakinak lurrean uzteko ohiturari trabak jartzeko.

Haizete handiko egunetan edukiontziak tokitik atera eta airean eramatea konpondu guran hasi zen Oñatiko Udala hondakinen esekitokietan aldaketak egiten, duela urte batzuk. Haize boladari eusteko, gako edo hagindun pieza borobil batzuk ari ziren jartzen, ontzia han ondo kateatzeko. Babesak ere jarri zituzten hainbat gunetan; toki haizetsuetan eta erreka ondoan daudenetan, esaterako, ontzietako zikina errekara heldu ez dadin. Eta neurri horiekin jarraituko dute aurrerantzean ere. Horrez gain, baina, eta Antzuolan egin dutena adibide hartuta, zintzilikarioen beheko lerroko ontziak uzteko tokiak kentzen ari dira; zinta batekin tapatu ditu Mankomunitateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak