Oñatiko Bilgune Feministako kideek atzo egin zuten aurkezpena Oñatin, Izaro Elortza eta Anik Zubizarreta udal ordezkariak zein Arrasateko Bilgune Feministako kideak lagun zituztela. "Nabarmenduko nuke musikazaleendako sekulako aukera anitza dagoela bai zapatuan eta bai domekan, eta, batez ere, azpimarratuko nituzke zapatu arratsaldean egongo diren hitzaldiak, mahai-inguruak, sormeneko tailerrak eta abar", azaldu du Oñatiko Bilgune Feministako kide Jone Arrazolak. "Denetariko gaiak izango dira; zaintza lanak, etxebizitzarako eskubidea, ekologia, hetero-araua eta gorputz disidenteak, gatazka armatuak emakumeongan nola eragin duen...".
Frontoia, gune nagusi
Plaza ondoko frontoia izango da Topagune Feministako gune nagusia. Bertan emango zaio hasiera topaguneari zapatu goizean, eta bertan izango dira ekitaldi eta kontzertu nagusiak. Lo lekua eta furgonetendako aparkalekuak ere izango dira aukeran Oñatin. Topagunerako sarrerak zein furgoparkinerako plazak gordetzeko bonuak eskuragarri daude dagoeneko online. Baita ere Oñatiko Arrano tabernan zein Euskal Herriko beste zenbait espaziotan.
Egitaraua ere ikusgai dago. Bertso saioak, sortzaileen azokak eta hainbat tailer eta kontzertuk osatzen dute programa.
Oñatiko Udalaren babesarekin
Oñatiko Udalak pozik jaso du Topagune Feminista herrian egiteko proposamena. Erraztasunak ematen eta baliabideak eskaintzen ahaleginduko direla esan du Izaro Elortza alkateak. "Oso pozik hartu dugu proposamena. Euskal Herri osotik etorriko da jendea, eta Bilgune Feministak topaketa honekin bilatzen duen helburuarekin guztiz bat egiten dugu Oñatiko Udaletik. Eguneroko jardunean, eta, batez ere, Berdintasun Sailetik bultzatzen ditugun politikak bide horretatik doaz. Gure esku dauden erraztasunak eta baliabideak eskaini ditugu".
Aurkezpenak herriz herri
Ekainera bitartean herri eta auzo ugaritan egingo dute Topagune Feministaren aurkezpena. Arrasaten, esaterako, zapatuan egingo dute Irati Topalekuan. Arrasateko Bilgune Feministako Amaia Etxabek ekitaldietan parte hartzea gonbidatu du. "Nahiko genuke Topagunea izatea momentu bat eskualdeko mugimendu feministako kideak ere elkartzeko, gure arteko sareak josten jarraitzeko. Deialdia egiten diegu inguruko emakume*, trans eta bollera denei egun horietan Oñatira etor daitezela".