Partaidetzaren araudia onartu du Oñatiko Udalak

Mireia Bikuña 2022ko api. 8a, 09:31

Udal ordenantza horren helburua da Oñatiko Udalaren eta herritarren arteko informazio-eskubideari, gardentasunari eta komunikazioari lotutako tresnak eta egiturak definitzea. Martxoko osoko bilkuran onartu dute, aho batez.

Oñatiko Udalaren Partaidetza eta Garapen Komunitarioko batzordeak herritarren parte-hartzerako, lankidetza publiko-sozialerako eta irekiera instituzionalerako araudia idatzi eta onartu du. Hala, Udalaren partaidetza eta garapen komunitarioko eredua aratuko duen arauzko dokumentua osatu du.

Aurreko agintaldian hasi zen Oñatiko Udala ordenantza berri hori lantzen. Orduan, ordenantzaren bizkarrezurra izango zenari forma eman zioten, eta ostean etorri da idazketa prozesua, proposamenen azterketa eta zirriborroa idaztea, esaterako. Bide horretan lagun izan dituzte hainbat herritar, udal teknikariak eta politikariak. Azken emaitzarekin pozik daude. "Luzea izan da prozesua, bai, baina guri ere balio izan digu hausnarketa egiteko, eta horrek isla izan du arautegian. Hartutako bideak zeintzuk diren jasotzeaz gain, araudi honek jasotzen du zergatik, zertarako, zeinekin eta epe luzerako zein helbururekin egin diren. Hori guztiori posible egiteak dakar, besteak beste, gobernatzeko beste era bat; azken finean, herritarrekin partaidetza egiteko oinarria jartzea politika publikoetan".

Udalbatza osatzen duten alderdi biak, EH Bildu eta EAJ, hasieratik egon dira batera prozesu horretan, eta emaitzarekin pozik daudela adierazi zuten alderdi biek martxoko osoko bilkuran, ordenantza aho batez onartzearekin batera. Prozesuan bidelagun izan dituztenei eskerrak eman zizkieten, eta "parte-hartze eskubidea gauzatzea ahalbideratuko duen tresna" hori "araudi erreala" dela esan zuten.

Jendaurrean

Ordenantza berria Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatuko dute, eta ostean, hilabete egongo da jendaurrean, edozein alegazio aurkeztu ahal izateko. Dena ondo bidean, maiatzeko osoko bilkuran onar dezakete, behin betiko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak