Leire Fernandez: "Testuak desagertzen ari dira; irudiak kontsumitzen ditugu"

Josu Bilbao Atxutegi 2022ko mar. 4a, 09:30

Diseinu grafikoa eta komunikazio bisuala dira Leire Fernandez oñatiarraren esparrua. Arte Ederretan doktore eta EHUko irakasle izateaz gain, Letraz ikerketa-taldeko zuzendaria da Fernandez. Martxoan, Espainia mailako Urrezko Letra saria eskuratu zuen. Hona PUNTUAko 241. alerako egindako erreportajea. Eta ostiralero PUNTUAko eduki guztiak sarean edota paperean irakurri nahi badituzu, egin zaitez kide!

Martxoaren 12an jaso behar zuten EHUko Letraz ikerketa taldeko kide Leire Fernandez oñatiarrak eta bere kide Eduardo Herrerak Komunikazio Bisualaren eta Marketinaren Sari Nazionalen Urrezko Letra. Hala ere, koronabirusaren krisiaren hasierak bete-betean harrapatu zuen sari-banaketa, eta saria postaz bidali behar izan diote oñatiarrari.

Saria jaso baino egun bat lehenago elkarrizketa bat egin zizuten Goiena telebistan, Bartzelonara joan aurretik, eta, azkenean, ekitaldia bertan behera gelditu zen...

Hori da. Koronabirusaren arazoa zela-eta beste saridun askok ere badaezpada ez zirela joango esan zuten. Azkenean, ekitaldian jende asko pilatzen da, ikus-komunikazioaren arloko kategoria ezberdinak daudelako. Bertan behera gelditu zen, eta postaz jaso dugu saria; kar, kar, kar... Gainera, nire lankidea Bilbon bizi da, eta oraindik ez dugu izan argazki bat ateratzeko aukerarik.

Zientzia Astean egindako dibulgazio lan bategatik jaso duzue Urrezko Letra saria, ezta?

Hori da. Izan ere, irakasle izateaz gain, lantxo batzuk ere egiten ditugu noizbehinka. Ni diseinuaren graduan nabil, eta ematen ditudan irakasgaiak eta egiten ditudan lanak diseinu grafikokoak dira. Eta, batzuetan, unibertsitateak enkargatzen dizkigu beharrezkoak diren ikus- komunikazioko produktuak. Alde batetik, EHUko tipografia diseinatu dugu, eta urtero Zientzia Astea antolatzen dute unibertsitatean. Zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren aste horretan, Donostian, Gasteizen eta Bilbon gai baten inguruan jakintza guztiak gizarteratzen saiatzen da EHU. Ekitaldi horrek ikus-nortasun korporatibo bat behar du, euskarri ezberdinak behar ditu komunikatzeko, eta, horrela, hiriburuetan banderolak, kartelak, erakusketa txikiak, diptikoak... egiten ditugu. Aurtengoa zientzia eta ilusioari buruzkoa izan da, eta, hori ikustarazteko, gure ikerketa taldeak ilusio optikoekin jolastea interesgarria izango zela pentsatu genuen. Ilusio optiko ezberdinak hartu genituen eta Bilboko metroan, adibidez, eskailera eta horma batzuetan jarri genituen. Gainera, Guggenheim alboan dugun eraikinean, Bizkaia Aretoko beiratean, ilusio optiko erraldoi batzuk jarri genituen. Eta urtero jaso izan dugu Zientzia Astearen inguruan saritxoren bat, baina aurtengoa sari potoloa izan da.

"Idatzi dugun azken liburuan, 50 marka ospetsuren jatorria eta esanahia aztertu dugu"

Arte Ederretan doktorea zara, irakaslea EHUn eta, gainera, Letraz ikerketa taldeko arduradunetako bat. Zer da Letraz?

Marka grafikoa aitzakiatzat hartu nuen doktore- tesia egiteko, baina kartelak, liburu-azalak, markak... Irudiak, testuak eta koloreak dauden edozein komunikazio euskarri ikertzea eta gogoetak egitea dut gustuko, eta Letraz ikerketa taldean Eduardo Herrera eta ni gaude zuzendari. Gurekin Maria Perez dabil lanean, eta gure ikerketa-ildoa hortik doa: diskurtso grafikoari buruzkoa. Karteletan, liburu-azaletan edo marketan dauden letrak, irudiak, koloreak... Esanahiak edo zentzu erlazioen trama hori ikertzea. Eta ikerketa horiek egiten ditugunean gure betebeharretako bat da bildu eta sortutako ezagutza berri hori gizarteratzea. Horren ildotik liburu ezberdinak argitaratzen ditugu. Azkenak, adibidez, Historias que marcan izena du. Jende guztiak ezagutzen dituen 50 marka famatu hartu ditugu, eta horien esanahi eta jatorria aztertu ditugu. Zergatik da Apple sagar bat, zergatik dagoen zatituta; Bacardi, Lacoste, Bic, Kellogs, Camel, BMW... Marka horien atzean egon daitezkeen abenturak bildu ditugu, ulertzeko gaur egun marka horiek zergatik diren halakoak.

Eta Letraz ikerketa taldetik antolatzen duzue Arantzazu Letraz Gunea. Etxean gustura?
Bai! Gandiaga Topagunean egiten dugu, eta aurten seigarren aldia izango da. Koronabirusa dela-eta abendura atzeratu dugu. Hori egin barik ez dugu urtea pasatuko; kar, kar, kar... Azkenean, poliki-poliki hasi den ideia bat bilakatu da jendea itxaroten egoten den zita. Gainera, Euskal Herritik kanpo ere jende asko etortzen da. Izan ere, bi eguneko jardunaldi hauetan, kaligrafiaren munduan izen potoloak dituztenak ekartzen ditugu. Urtero aldatzen joaten gara. Oriol Miro, Joan Quiros, Begoña Viñuela eta Ivan Castro ekarri ditugu, eta aurten, Oriol Miro eta Allan Daastrup etorriko dira tandem bat egiten. Aurten, untzial hizkia izango da protagonista.

"Euskal Herrian maila handia dugu diseinu grafikoan, baina ez dugu baloratzen etxean duguna"

Diseinu grafikoa eta ikus-komunikazioa dira zure arlo nagusiak. Zelakoa da Euskal Herriko maila?
Maila badago, baina izena Bartzelonak eta Madrilek eramaten dute. Hala ere, adibidez, Bartzelonako sari hauetara azkeneko hiru-lau urteetan joan gara sariren bat jasotzera eta han izen euskaldun asko daude. Maila handia da. Agian, diseinuaren arloan ez dugu baloratzen etxean zer dugun. Guggenheim museoarekin gertatu den moduan. Seguru aski, Euskal Herrian arkitekto onak ditugu, baina kanpora joaten gara kanpoko izen baten bila, pentsatzen hori beti izango dela hobea. Ikasle zarenean, eta diseinu grafikoko izen handiak ikasten dituzunean, Bartzelonakoak edo Madrilgoak izaten dira, baina Bilbon eta Donostian baditugu onak diren estudioak eta proiektu oso interesgarriak egiten ari direnak; besteak beste, Otzarreta Komunikazioa, Ando Diseñando, Cabo de Marcas, Nocolor Estudio, Alambre Estudio, Sardina Grafica... Letraz ikerketa taldean, gainera, kongresu bat antolatu dugu azkeneko hiru urteetan, eta saiatu izan gara etxeko jendea gonbidatzen. Hala ere, izen propioei dagokienez, erreferenteak kanpokoak izaten dira.

Euskal Herrian erreferente falta dagoela diozu, eta, bestalde, gaur egun, zer beste hutsune ikusten duzu diseinu grafikoari dagokionez?
Diseinu grafikoa ikus-komunikazioan oinarritzen den diziplina bat da. Baina gure gizartean, lan hau destribializatuta dagoela uste dut. Zergatik? Txikitatik, eskoletan, irudiei ez zaielako garrantzirik ematen testuei bezala. Eskoletan irakurtzen erakusten digute, letren aldetik gehiago; hau da, soinuen aldetik. Lehenengo, letrak ikasten ditugu; gero, silabak; gero, hitzak; esaldiak... Testu horiei garrantzia ematen zaie bakarrik ondo irakurtzen baditugu eta ulertzen baditugu. Testu hori orrian nola kokatuta dagoen, zein tipografiarekin, ze konposaketa mota egiten dugun... hori ez da sekula ikusten, eta irudien mundua ere Plastika izeneko irakasgai baten egiten den zerbait da, baina zerbait ludikoagoa izango balitz bezala, ondo pasatzeko zerbait. Ahozko edo hitzezko komunikazioari ematen zaion garrantzia mundu bisualari ez zaio ematen. Beraz, ez zaie umeei erakusten irudi horiek duten garrantzia: kolorearen aldetik, konposaketa aldetik... Eta komunikazioa, gure gizartean, gaur egun, sare sozialekin are gehiago, irudirantz doa. Testuak desagertzen ari dira. Irudiak kontsumitzen ditugu. Eta irudi horien esanahia jakitea oso-oso garrantzitsua da.

Leire Fernandezen lana.

Diseinu grafikoaren munduan ezaguna da intrusismo apur bat badagoela. Hala da? Edo edonor izan daiteke diseinatzaile?
Sekulakoa da intrusismoa, bai. Kontuan hartu behar da lehen dena eskuz egiten zela eta ordu pila bat behar zituztela diseinatzaileek eta inprentako langileek. Gaur egun, ordenagailu bat eta Illustrator, Photoshop edo InDesign programa bat edozeinek izan dezake. Eta hiru-lau eguneko ikastaro mordoa daude. Horrek dakar pertsona batek horrelako programa bat ondo dominatzen duenean pentsatzen duela diseinatzen ari dela. Imajinatu idazle izan nahi duzula. Word programa ondo jakiteagatik idazle zara? Ez. Ba, diseinatzaile grafiko izateko, komunikatzen jakin behar duzu, zu zarelako, azkenean, igorlearen eta hartzailearen arteko bitartekaria. Eta mezu horri esanahi bat eman behar diozu, ze intentzio komunikatibo dagoen jakin behar duzu, eta publikoak esan nahi den hori ondo ulertzeko zeinu ezberdinak aukeratu behar dituzu, tipografiaren aldetik, kolorearen aldetik, irudiaren aldetik... Badirudi logo bat edozeinek egin ahal duela, eta, gainera, ordu erdi batean...

"Gaur egun, badirudi logo bat edozeinek egin dezakeela, eta, gainera, ordu erdi batean..."

Zer duzue esku artean momentu honetan Letraz ikerketa taldean?
EHUko tipografia diseinatu berri dugu. Euskarazko bertsioa du serif-en eta erdarazkoa sans-en. Ordu askoko lana duen proiektu bat izan da, sakona, unibertsitateak bere diziplina guztietan behar dituen ikur guztiak jaso eta egin behar izan direlako. Azkeneko urteetan bertsio ezberdinak egin ditugu, eta hori eguneratuko duen liburu bat kaleratuko dugu. Horrekin batera, unibertsitaterako egin dugun sistema piktografiko bat jasoko duen liburu bat prestatzen ari gara. Eta, bestalde, aurten online egingo diren kongresu batzuetarako gauzatxoak ere bagabiltza prestatzen. Eta epe laburrean, EHUko udako ikastaroetan, diseinu grafikoko ikastaro bat izango dugu, liburu-azalen gainekoa.

Online bidezko kongresuak aipatu dituzula... Unibertsitateko Arte Ederretako irakasle zaren aldetik, zelan eraman duzu etxetik lan egitea?
Gogorra da etxetik lan egitea, eta ume txikiekin, gainera... Egongo dira online errazago egin daitezkeen ikasketa teorikoagoak edo, baina, gurea proiektuka izanik, asko igartzen dut faltan ikasleekin mahai gaina paperez betetzea eta zirriborroak egitea. Pantailaren atzean zaila egiten da. Gainera, konfinamendu garaian, ikasleek materialak lortzeko sekulako arazoak izan dituzte, eta etxean zituzten gauzekin egin behar izan dute lan askotan. Nire arloa gehiago da ordenagailuz lan egitea, baina inprimatu beharra, eskalan letra bat ikusteko... Derrigorrezkoa da gauzak inprimatzea, eta sortze prozesu horretan momentu konplikatuak egon dira, bai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak