Harri minak antzezlanaren estreinaldira herritar gutxi joan ziren, baina joandakoek ederto gozatu zuten. Oñatiarren zuloak zeintzuk ziren azaldu zuten Bonbon beltz konpainiako aktoreek taula gainean.
Ildo bati tiraka sortutako lana
Geuretik sortuak proiektuaren barruan, hainbat astetako egonaldia egin dute aktoreek Oñatin. Hainbat herritarrekin batzartu dira, eta guztiek komunean duten ildoa aurkitzen saiatu dira. "Leku askotara jo dugu, eta zer dute guztiek berdintsu? ba, ildo horri tiraka sortu dugu antzezlana", azaldu du Josune Gorostegik.
Kondea eta 'Txantxi'
Zuloa hitzak gauza asko esan gura dituela dio, eta era berean ez dagoena ere azaltzen duela. Oñatik dituen zulo horiek azaleratu zituzten antzezlanean: "Adibidez, oñatiarrek kondearekin izandako harremana oso sustraituta dago herrian, menpekotasun istorio bat dago hor; eta, era berean, konturatu gara gaur egun ekintza asko daudela nolabaiteko independentzia lortzeko: autonomia energetikoa, internet sarea...".
Hain zuzen, antzezlanean zehar Kondea eta Txantxi pertsonaiak agertzen dira.
Proiektua balorean jartzea
Gorostegik azaldu du Geuretik sortuak moduko proiektuan parte hartzeko aukera izatea zoragarria dela. Sortzeko aukera izateaz gain, emanaldiak egiteko aukera ziurtatuta dutelako. "Irailera arte Euskal Herri osoan ibiliko gara, 26 bat bolo izango ditugu", dio.