Eukalipto landaketak debekatzearen aldeko mozioa onartu du udalbatzak

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko ots. 25a, 16:51

Landaketok debekatzea eskatu dute herriko hainbat eragilek –Bargastak, Gazte Asanblada, Ernai, STH, Oñatiko Naturzaliak, Oñatiko Duintasun Taldea, LAB eta ELA–. Eskaera hori bere egin du EH Bilduk, eta mozio bidez eraman zuen atzo egindako ohiko osoko bilkurara. EAJ aurka agertu zen.

Landatzearen kontra bozkatu zuen Udal Gobernuan dagoen EH Bilduk, eta arrazoien artean Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadiko adituek gaiaren inguruan egindako ikerketa: eukaliptoen eragina kaltegarria dela ingurumenerako, landaketa horren hedatzea kaltegarria litzatekeela lurzoru eta hidrologiarentzat, nola biodibertsitatearentzat. Mendien kudeaketaren eskumena Aldundiarena izan arren, Udalak ere badituela neurri hauen aurkako bideak adierazi zuen EH Bilduk, eta Aramaion hartu duten bidea hartuko dutela Oñatin ere. Oposizioko alderdiak, EAJk, berriz, debekuaren kontra bozkatu zuen, zelulosarekin egindako produktuak eukaliptoarekin egiten direla eta eguneroko bizimodurako egurra behar dugula argudiatuz. Neurtutako landaketaren alde agertu zen.

Gaiaren interesak erakarrita, herritar talde bat izan zen atzoko ohiko osoko bilkuran, eta galde erreguetan hitza hartu zuen batek denen izenean.

Mozio gehiago ere izan ziren atzo Oñatin. Martxoak 8ari lotutakoan, berdintasun planean ezarritakoak betetzeko baliabideak bermatzea, berdintasunaren ikuspegia Udalean era sistematikoan jartzea eta indarkeria matxistaren biktima guztiei laguntza ematea onartu zuten aho batez. Egunaren bueltan herrian antolatutako ekitaldietan parte hartzeko deia ere egin zuen udalbatzak. 

Aho batez, baita ere, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa duela 46 sortu zeneko ospakizuna jasotzen zuen mozioa. Egoera konpondu gabe egonik, Nazio Batuen Erakundeari eskatu diote lehenbailehen susta dezala Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbide justu eta behin betikoa, erreferenduma eginez saharar herriaren autodeterminazio eskubidea praktikara eramanda.

Bi mozio horiek elkarrekin aurkeztu zituzten udalbatza osatzen duten alderdi biek.

Bestelako gaietan, arreta arina eskaintzeko zerbitzuaren oinarriak ere onartu zituen udalbatzak aho batez, proiektua martxan jarriz. Uda ostean egongo da zerbitzua erabilgarri.  Aloña Mendirekin Udalak urtero egiten duen hitzarmena ere berritu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak