Erraia eta soina ikasleei erakusteko programak prestatu dituzte Oñatin

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko ots. 14a, 17:46

Bizpahiru egunetako egonaldiak eskaintzen dituen eskaintza bateratua prestatu dute elkarrekin Arrikrutzek, Arantzazuko parketxeak eta aterpetxeak, ikasle talde bakoitzak bere helburu edo beharretara moldatu dezakeena. Harrera ona izan du.

Oñati eta Arantzazu inguruan dauden baliabideak bateratu eta egonaldiak eskaintzen dituzten guneak direla aprobetxatuz, inguruan ikusten dena eta begi bistan ez dagoena erakusteko aukerak jasotzen dituzten hezkuntza programak prestatu dituzte, elkarrekin, Arrikrutzek, Arantzazuko parketxeak eta aterpetxeak.

Bizpahiru egunetarako

Egun pasa etorri beharrean, bizpahiru egunetako irteerak egiteko programak prestatu dituzte. "Aizkorri Aratz parke naturalean basoak, mendiguneak, fauna, Arantzazu beraren historia, artea, mitologia... ezagutu daitezke adibidez. Eta Arrikrutzen, berriz, erraiak eskaintzen ditu, ez bakarrik mendiaren barrenak, baizik gure jatorria, gizakiaren historia ezagutzeko modua. Kobazuloak beti egon dira lehen gizakiarekin lotuta, nola bizi ziren, zer egiten zuten, zituzten ohiturak eta lan tresnak... Kanpokoaz eta barrukoaz ikasteko aukera eskaini gura izan dugu eta hortik dator programaren izena: Arantzazu eta Arrikrutz: Oñatiko erraina eta soina", azaldu du Arrikrutzeko hezitzaile Leire Garaik. Programa hauetan parketxean zein Arrikrutzen egin daitezkeen irteeren, tailerren edo jolasen eskaintza dator, ikastetxe bakoitzak bere helburuetara egokitu dezakeena. Adibidez, ekosistemak landu gura badituzte, basokoa eta kobazulokoa landu ditzakete, horretarako propio antolatutako ekintzen bitartez. Oinarri bat dira eskaintzak, hezkuntza zentro bakoitzak, aukerak gehituz edo kenduz, bere beharretara moldatu ditzakeenak. Bi edo hiru eguneko egonaldiak daude aukeran eta gauak, aterpetxean egingo lituzkete ikasleek. Begirale lanak, berriz, parketxeko eta Arrikrutzeko hezitzaileek.

Mantentzeko pentsatuta

Programa bateratuak prestatu eta Euskal Herriko zentroetan aurkeztu dituzte partaideek. Harrera ona izan dutela adierazi du Garaik: "Egia da hezkuntza komunitateak aldaketa asko egin dituela pandemiagatik dagokion egoerara moldatzeko. Oraindik ere ez dakite egoera berrian nola jokatu behar duten eta horregatik, hainbat ikastetxek interesa agertu dute baina eguna zehaztu barik utzi". Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dagoen arren, ez dago erabat mugatuta. Ikasturte honetan hasi dira eskaintza bateratu honekin baina dinamika hartu eta mantentzeko pentsatuta dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak