Denboraldiko hirugarren kontzertua egingo dute domekan Zubikoako frontoian, eta 11:00etako kalejiraren eta 13:00etako emanaldiaren artean banda barrutik ezagutzeko aukera izango dute musika eskolako ikasleek.
"Musika tresna familia desberdinak ikusi; gertutik paseatu, ikusi, ikutu... banda bat zer den barrutik ezagutu. Eta joango gatzaie esplikatzen, eta eurek edukiko dute aukera banda osoa entzuteko, baina baita bandako familia bakoitza entzutekoa ere, eta ikustekoa nola osatzen duten gero horiek guztiek banda", azaldu du Aitor Biain-Bidarte zuzendariak.
Musika eskolako Arantxa Iturriotzentzat "aukera paregabea" da "musika horren bibrazioak gertuagotik sentitzeko modua" izatea.
Emanaldian pelikula ezagunetako abestiak interpretatuko ditu bandak. Musika eskolako ikasleentzat ez ezik, publiko orokorrarentzat ere izango da kontzertua.
Kontzertu didaktikoa
Martxoaren 20an izango da beste saioa, Peru eta Otsoa kontzertu didaktikoa. "Ipuin musikatua izango da, Miel Guridi narratzaile izango duena. Emanaldi hau gehiago izango da umeei zuzendua; errepertorioa umeei begirakoa izango da, eta, gainera, bigarren zati dibertigarri bat izango du: quiz erako gauza bat egingo dugu, eta publikoa jarriko dugu lehiatzen, marrazki bizidunetako abestiak ezagutzen", zioen Biain-Bidartek.
Saioaren bigarren zati horretan musika banda nagusia eta gaztea batera ariko dira, 80 musikari inguru, beraz.
Ekimen hauekin, musika eskolatik musika bandarako zubia indartzen segi nahi dute, "Oñatiko Musika Bandaren osasuna fuerte mantenduko dela bermatzeko", Iñigo Ugartek azaldu duen moduan.
Domeka honetako emanaldia doan da, baina gonbidapenak eskuratu beharko dira joateko, Txokoloteixan edo musika eskolan.